kolaboratzaileak

Bazen herri bat, askatasunean inongo lur eta legeri atxiki gabe bere bidea jarraitzen zuena. Mendeetako bidaiak munduan zehar sakabanatu zituena, agintarien lege zurrunetatik ihesi, mugak zeharkatu eta bere lege propioa gorde zuena. Aske sentitzeko premia zuen herri hark, beharrak bultzatua, besteen jabegoa bere egin zuen sarri herriz herriko ibilbidean. Lege zurrunen menpekoek, haien askatasuna ezin eramanik, haien aurkako mamuak altxatu zituzten edonon. Lapur eta gaizkile izendatu zituzten urte luzez, haien gaineko irudi ankerra eraiki zuten belaunaldien kontzientzietan. Larrua ilun, janzkera xelebre, gurdien gurpilaren biran mesfidantza nagusitu zen.

Ordena publikoaren etsai bihurturik, eliza eta ogasun agenteen atzaparretatik ihes egiten zuen herri hark. Haiekin bukatzeko saiakerak egin baziren ere, haien arteko azkarrenek ihes egiten zieten behatz artetik. Adimena landu beharra izan zuten bizirik irauteko. Lekuan lekuko teilagin, artile moztaile edo kinkailero bihurtu ziren legearen inperiotik ihesi. Besteak dibertitzeko, dantzan, zirkuan eta kantuan aditu bilakatu ziren.

Gaur egunera iritsi da herri hura nolabait. Arauen, legeen eta ordenaren erreinuan, estatuak etxebizitza finkoz ordezkatu dizkie gurdiak. Lanbide berriak ekarri zizkien industriak, birziklatzen aditu bihurtu ditu. Diru laguntzaz erosten saiatu da askatasun amets hura ongizate estatua. Kartzelak izan dituzte bigarren etxe sarri, drogen itzal luzeak harrapaturik. Baina oztopo guztien gainetik eta mendeen ondotik, haien nortasunean txertaturik darrai aske izatearen amets hura.