Bidegabekeriek inguratzen gaituztela ematen du azken aldian. Justizia izpiak hodei ilunek estali dituztela, ekaitz urrunen burrunba erasokorraren oihartzunean. Urrunetik gertura, etikaren heriotza geldoak etekin ekonomikoaren gose aseezinak kontsumitzen duela dirudi. Anestesiatutako hiritar prestuen aurrean lapur eta hiltzaile, ustel eta iruzurgile, dantzan dabiltza joko makabroetan ase barik.

Urrun, peshmerga kurduekiko traizio zitala, mendebaldarren lotsa. Film amerikarrek saltzen diguten askatasunaren aldeko borrokan atzean utzitako beste herri bat, gure lantegiek saldutako bonba hilgarrien biktima, turkiar gupidagabe baten sarraski. Europaren ahuleziaren adierazgarri, heriotza kolateralak petrolioaren jokoan.

Gertu, zigor bidegabeek ziegako iluntasunera kondenatuak estatuaren egituren etsaitzat hartzen diren oro. Prentsa atzerakoienaren diana, gezur iraingarrienen ordain. Sententzia injustuak Pirinioen ardatzaren bazterretan. Oinaze eta sufrimendua heien familia eta lagunetan.

Instituzioengan konfiantza eza, norbanakoen antolakuntza. Bidegabe, balio etiko ororen lotsagarri, non dago herritarrenganako konpromisoa, non dago justizia? Bide bazterrean geratu zela ematen du, aspertu egin ote gintuen, zaharkitutzat ikusi al genuen? Etekin ekonomikorik gabeko zama astun eta kontzientzia zulatzailetzat hartu genuen nonbait. Preziorik ez duena, ezin saldu. Kostu huts, etekinik gabeko aingura. Jendartearen noraezean sarritan beharrezko euskarri.