Festarik gabeko uda atipikoan, autogestioa pilpilean. Antolatu dezala bakoitzak bere farra, hura baita aukera bakarra. Udalen eskuak garbi, antolaketari uko eginez, festak ospatuko ez diren itxaropenez. Nork ahal duena egin dezala, eta ospatzean atentzio gehiegi deitu ez dezala. Denok musukoekin harrapa gaitzala behintzat autoritate formalak. Txozna eta barraka, biltegian mugitu ezinik. Irudimena, hura izan behar asmo eta ekimen askoren bultzada eta  sustapena. Distantzia  eta higienea, kontuz ibili daitezela arra eta emea, Erdi Aroko esaerak dioen bezala, karitatearen erruz sartu baitzen pestea.

Festa batzordean tabernari eta kinto, lehenak negozio bigarrenak juerga arrazio,  zinegotziek protagonismo afizio. Jaiak herriarenak direla ahaztu zaigu agian, haiek antolatu baino ez dutela egiten gogoak dituenaren posibilitateen harian. Irabazle argiak, supermerkatuak, alkohola eta edariak, merke eta justifikatuak. Autokontrola eta parranda, burua etxean utzita kalera joanda. Jota eta arin arin, dantza duin eta purua, inork inor ikutu ez dezala, salbu mantentzeko bere burua.

Barrako mutil zaharraren ukondoak sostengua behar duen moduan, behar du herriak festa. Ihauteriak diktaduran debekatu ziren arren, hura berdin egiten zen. Mamuxarro eta txatarrei galde, ez ote zeuden festaren alde. Askok gazte izan zirela gogora dezatela, gaztetasuna maita, lapurtutako denbora berreskuraezina baita. Gazteriak ez balu bere bidea egiten asmatuko, ez balitz autoritateari aurreratuko, ez balitz bere burua antolatzeko gai izango, zer gazteri genuke? Bihotzean gazte, debekuak asperturik, festa gogoak ezin ukaturik, utz diezaiogun bidea gogoak dituenari.