Ur goiena, ur barrena

Ura mendian behera, ura iturri eta erreketan. Ur hotz gardena, goitik behera edertasun hezean. Iheskor zirrikituetan, zaratatsu tanten erritmo azkarrean. Bazter eta txokoetan, horma, harri eta hostoen irristan. Geldiezin bere bidean, lurpean eta airean. Joan etorriko itzulian, itsasorainoko ibilbide nekaezinean. Hodei eta lainoen ihintzetan, zeru eta lurren artean. Ur lasaietan, ispilu zaharrenean. Narzisoren islada maitekorrean, jainkoek lore bilakatu zuten haren edertasun propioaren gehiegizko miresmenean. Urteko gure islada aurkezten digu gardentasun iraingarrian. Ur sakonenen behatze beldurgarrian. Ur ilunen bat bateko harrotze susmagarrian. 
Urtearen amaierak dakar gure amets eta nahien azterketa zorrotzenaren froga zekena. Urte latz, gordin eta garratzena. Asmo eta intentzio ugariren konpon ezineko akatsena. Ur goiena, badoa irristan lurpera, erreka eta ibaietan, inork ere ez du sentituko urte zaharraren faltagatik pena. Komunikabide eta sare guztien gezur sinetsien azkena, zorigaiztoko zigor ankerrenengatik sortutako etsipena. Badoa urte zikin eta krudela. Ur barrena, badator urte berrietan azkena, Urdiaingo kale eta zokoetako kantaita zaharren oihartzunak dakarrena. Amets eta helmuga berrien igarle zarena. Plaza berri eta gardena, han dantzatzeko prest dauden horrenbeste ausarten itxaropena. Berriak ordeztu dezala iragana dena, hark ekarri behar baitigu egarri garen askapena.