AHT: errealitatea vs. fikzioa

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi 2013ko aza. 22a, 00:00

Askotan esan ohi dugu errealitateak fikzioa gainditzen duela; eta egia da fikzioa sortzeko errealitatea behatzea baino gauza hoberik ez dagoela. Gure Herri honetan ere badugu horren berri. Eta oraingo honetan "errealitateak fikzioa zirudien" hiru adibide ekarri nahiko nituzke gogora; telebistari begira zur eta lur geratu ginenekoa; "ez da posible", "ezin liteke" esanez. Izan ere, Euskal Herrian, ez da aldarrikapenik falta.Nola ahaztu Sevillako atletismo joko mundialetan Giraldilaz mozorraturiko hura, "Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopean, aurkezlearekin dantzan, munduko kamara guztien aurrean... Eta hemen, etxean, irribarreak ahopean, emozioa bihotzean eta harridura non-nahi.2013ko San Ferminak historiara pasatuko dira 18 minutuko atzerapen hori dela eta, baina are gehiago, nafar askok geuretzat dugun ikurrin handi hura udaletxe pare-parean, luze bezain zabal ikusteagatik. Pairatzen dugun sinbolo-debekuaren boomerang efektua eta arrantzale bizardunek itsasotik km batzuetara ere zeregina izan dezaketenaren adibide.Baina gaurko honetan bereziki tartalariak ekarri nahi ditut gogora. Ilea gominaz orraztu ondoren, trajeak soinean eta ziurrenik pultsoa mantentzeko lasaigarri edo infusioren bat hartu eta gero, merenge tarta Yolanda Barcinaren aurpegian txertatu zuteneko hura. Izan ere, Mugitu-ri ez zaio imajinaziorik falta AHT-ren makroproiektua gelditzeko aldarrian. Marrazki bizidunetako irudi bat zirudienak, milaka bisita izan zituen youtuben, ez baikaude Barcina hain goxo ikustera ohituak. Baina are sinesgaitzagoa da orain datorrena: tartazo bat ematearren 6 eta 9 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzea eta auzitegi nazionalean epaituak izatea. Ez zaidazue esan errealitateak ez duela fikzioa gainditzen! AHT-rik ez!