Historia beti dator gero, berandu ere ez nuke esango, dagokion momentuan, baina gero. Iraganaren erreinuan dago. Izan zenaren lekuan. Baina badira gertakizun batzuk, gertatzen diren unean bertan, historiko egiten direnak. Memorian txertatzen dira, ahaztezin eginez. Historia istoriaren azalean jartzen da. Ez dut ahaztuko zer ari nintzen egiten dorre bikiak erori ziren unean, edota ETAk bere ibilbide armatuaren behin betiko bukaera iragarri zuenean.

Pasa den maiatzaren 24ko hauteskundeak historikoak izan ziren. Eta ez dakit hemendik hamar urtera gutako bakoitzak gogoratuko duen zertan zebilen UPN Nafarroako Gobernutik eta Iruñeko Udaletik bota genuenean, baina tira, berdin-berdin, emaitza historikoak. Politika egiteko beste modu baten beharraren islada. Beste politiko batzuk, beste politika bat. Zentzu horretan, udaletxeak dira herritarrengandik gertuen dauden instituzioak. Herritarrak herriarentzat lanean.

Jakin badakigu, ez dela batere erraza udalean lanean aritzea. Krisi garai hauetan, are zailago. Ez da plan erakargarria gehiengoarentzat: herritarrekin istiluak, kritikak, erabaki deserosoak hartu beharra, plenoak, behatz akusatzaileak… Baina badira haien denbora pertsonala herriari eskaintzea erabakitzen dutenak, eskuzabaltasun osoz, bestelako ikuspuntu batekin agian: lan-taldea, ilusioa, konpromisoa, aukera… Eta haiei esker, gu bezalako herritarrak diren horiei esker, udalak martxan daude. Ez bakarrik kudeaketari dagokionez, baizik eta proiektu politiko propio batekin, herria eraikiz, euskal herriak eraikiz. Nire miresmena, nire esker ona eta nire bozka bihotz-bihotzez, udalean zabiltzaten guztioi.