Arma, tiro, klika

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi Mariñelarena 2019ko api. 18a, 08:25

Abestia entzun nuen lehenengo aldian ez ninduen erabat konbentzitu. Aldiz, bideoklika egin nuen bideoklipa ikusi nuenean, eta malkoren batek edo bestek ihes ere egin zidan. Bi mundu aurrez aurre, batek zer esango besteak hura erantzungo; batzuek zirt, besteak zart. Eta nola doazen bi mundu horien mugimendu, erritmo, proposamen eta moduak elkarrekin nahasten, aberasten, fusionatzen, mugak gainditzen. Esplorazio bat da; elkar ezagutza ahalbidetzen duen atrebentzia bat.
Izan ere, Aitorren hizkuntz zahar honek aspaldikoak ditu sustraiak, eta kolore guztietako ahotan ditu hegoak. Euskaldunak ere badaki rap-a egiten, break dance dantzatzen edo gerri bueltak sentsualitatez mugitzen. Euskaldunak ere ramadam-a egiten du, flamenkoa abesten du, hiyab-a janzten du eta ile afro-a darama. Ezin gara turistek erosten dituzten postaletako iruditegira mugatu. Euskalduna ez da bakarrik txapela soinean daraman muxu gorria. Geure identitate kolektiboaren erreferentzialtasuna geure gizarteko errealitatera egokitu behar dugu, izango bagara. Euskararen herri zabal eta anitz honetan, denok gara kabitzen, denok dugu egiten eta denok behar dugu eragin.
Laboaren “arma, tiro, pun”-etik gatoz, eztarrietan korapilaturik egon den hizkuntz isilarazi batetik, alegia. Eta orain, “arma, tiro, klika” egin nahi dugu, kontzientziak esnatzeko, aldatzeko eta indartzeko. Sustraiak eta hegoak, berriz ere:  txapelarekin edo txapelik gabe buruan, euskara ibili dadin munduan… Klika!