Hauteskundeak, politika eta abar

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi Mariñelarena 2019ko mai. 31a, 08:21

Hauteskundeek utzitako emaitzen zaporea, dastatzen dituen ahoaren araberakoa da. Gozoak batzuentzat, gazi-gozoak edo mikatzak besteentzat, eta garratzak beste batzuentzat. "Zenbat buru, hainbat aburu" dio esaera zaharrak, eta horren arabera sepia koloreko gutun-azalean nik hau eta zuk hura; gutun-azal zurian nik hura eta zuk hau…

Baina Politika (hizki larriz idatzia) lau urtetik behin parte-hartzen dugun hauteskundeetatik dexente haratago doa. Egun alderdietatik, eta are kaltegarriagoa izan ohi den alderdikeriatik bereiztea kosta egiten bazaigu ere, beharrezkoa da kontzeptu hau bergizarteratzea eta duintzea.

"Politika" hitza grezieratik omen dator, eta "hiritarra, zibila edo hiriaren antolakuntzari dagokiona" esan nahi du, Wikipediaren arabera. Gurean daukagun sistema politikoa Demokrazia da, zeinek teorian, behinik behin, herriari esleitzen dion boterea. Hauteskundeen bitartez herritarrok A, B edo C aukeren artean hautatu behar izaten dugu gure ideia/sinesmen/amets/desio/delirio…-en ordezkari izango dena garaile ateratzeko itxaropen itsuan. Albo-kalteak: herriaren boterea zena kanpainako karteletan ageri direnen -eta (are arriskutsuago dena), ageri ez direnen- esku uztea. Hau da, herritarrak politikatik urruntzea, politikan beren ordez arituko diren A, B edo C hautatu dituztelako.

Hauteskundeek nire ahoan utzi duten zapore garratzaz ez naiz arituko, aspergarria litzatekeelako. Baina uste dut Aldaketak aurrera ez jarraitzea atzera pauso bat izango dela herritarrak politikan trebatu eta ahaldundu bidean. Herriz herri abian jarri diren hamaika prozesu parte-hartzaileak politika gerturatzeko, gure egiteko, saiakera bat izan dira eta nire aburuz, halako gehiagoren beharrean gaude, beste lau urtez lozorroan eroriko ez bagara.