Justiziaz edo kartzelaz

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi Mariñelarena 2019ko uzt. 5a, 08:15

Bazkal osteko familia hizketaldi luze horietako batean, kartzelaz, delinkuentziaz eta justiziaz aritu ginen, momentuko beroaldian nork bere arrazoiari eutsiz. Batzuetan, baina, zaila izaten da momentuan ideiak ordenatu eta ganoraz azaltzea, besteak zure ustea ahalik eta hobekien uler dezan. Hala ere, ez nioke gaurkoa hizkuntzaren mugei eskaini nahi.

Maiz Justizia eta kartzela zigorra parekatzen ditugu, txanponaren bi aldeak balira bezala. Delituaren tamaina eta larritasuna aintzat hartuz, zigor handiagoa edo txikiagoa galdegin ohi dugu. Azken sententzia geure barne-epaile-propioak emango lukeen sententziarekin bat baldin badator, justizia egin dela baieztatu ohi dugu (eta alderantziz).

Baina Justiziak, komunitate baten ongizatea bermatzeko aplikatzen diren printzipioak izanik, ezer gutxi du ikusteko kartzelarekin. Pertsonen bizitzek garrantzia hartu izan duten heinean, askatasuna kentzea zigortzeko modu bat bilakatu da. Dena den, inork gutxi uste du pertsona bati autonomia kentzeak, argia noiz piztu-itzali erabaki ahal izateak, bere izen-deiturak zenbaki batez ordezkatzeak, bere familia eta lagunengandik urruntzeak, zementuzko eremu batean egoteak, monotonia eta errutina errepikakor baten barruan bizitzeak, edota beldurrak jota egoteak, birgizarteratzeko balio duenik, ezta? Izatekotan, norbere identitate eta erroak guztiz akabatzeko balioko luke.

Nahiko paradoxikoa dirudi pentsatzeak ongizate komunitarioa lortzeko komunitate horretako zenbait, laidotu, baztertu eta bakartu egin behar ditugula; beren onera itzultzeko itxaropenez gainera! Egia da errazagoa dela indibiduoa epaitzea, sistema kapitalistak sortzen dituen arrakalak edo oinarrian dugun zigorraren kultura kuestionatzea baino. Errazena baina, ez da beti justuena.