Parkearekin, zoriona herrian

Guaixe 2013ko urr. 17a, 18:39

Urte bateko lanaren ondoren, erabilgarri dago jolas parkea. Haurrek irudikatutako zatia udaberrirako izanen daLarunbat arratsaldean mustu zuten haurrendako jolas parkea. Adin guztietako lakuntzarrek auzolanean egina, haien ahaleginaren fruituaz gozatzeko eguna izan zen larunbatekoa. Asko izan ziren mustutze ekitaldira hurbildu ziren lakuntzarrak, baita aldameneko herrietakoak ere. Oso polita zela adierazi zuten denek. Haur eta heldu, guztiek, parkearen erabilera ona eginen zutela adierazten zuen konpromisoa sinatu zuten. Horiek Tiritatxorekin eta Ane Piratarekin adostu zituzten. 

Parkea Kirol pista (areto futboleko ate eta saskibaloi saskiekin), ping pong mahaia, haurrendako jolas parkea eta futbol zelai txikia daude parke mustu berrian. Egiteko gelditzen dena futbol zelaiko zati bat. Umeekin tailerrak eginen dituzte eta han landuko dute. Parkea Martxan taldeko Jone Aretak esan digunez, "azken zatiarekin ez dugu presarik izan nahi. Batez ere, prozesuari eman nahi diogu garrantzia. Haurren erritmoa pixka bat errespetatu eta beraiek markatzen digutenaren arabera pixka bat kronograma markatzen joanen da". Aretak azaldu digunez, elementu ez egituratuekin osatutako jolas eremu bat osatuko dute: "bizitza arruntean edo ingurunean aurkitu dezakegun elementuekin: naturatik eratorritakoak (enborrak, harriak...) edo berrerabilitako materialak (pneumatikoak, plastikoak, oihalak...)". Ostiralean aurreneko saio egin zuten. "Saio esperimentala izan zen, ikus zezaten materialik gabe ere posible dela ongi pasatzea. Jostailuak ez direla garrantzitsuena. Haien ondorioa izan zen primeran pasa zutela. Lagunak zituztelako jolasteko eta irudimena erabili zutelako" argitu digu Aretak.

Oihane Uribe-Etxeberria zinegotziak adierazi zuenez, parkea egiteko "prozesua oso polita izan da eta abiapuntu izan daitekeen beste prozesu batzuk aurrera eramateko". Proiektuarekin jende asko inplikatu zela eta egindako lan handia nabarmendu zuen zinegotziak. Herriarendako oso proiektu positiboa izan zela azpimarratu zuen Uribe-Etxeberriak: "zerbaitean parte hartzen duzunean gehiago baloratzen duzu. Eta aurrera egiteko barruan dugun boterea ikusten dugu. Diru pixka bat lagungarria da, baina, azkenean, nahia eta gogoaren bitartez lortu dugu". Zinegotziak gaineratu duenez, "krisia ere baliatu beharko dugu alde positiboa bilatzeko, elkarlana martxan jartzeko eta kolektibitatea indartzeko".

Finantzabideak
Dena ez zen ospakizuna izan, goiz eta arratsaldez Parkea Martxan taldeko kideak bigarren eskuko azokan aritu zirelako. Aurrekoan baino gauza gehiago bildu zituzten saltzeko eta jende asko erakarri zuen. Antolatzaileen esanetan "oso arrakastatsua" izan zen azoka. Jolas parkeko altzariak ordaintzeko dirua ateratzeko Parkea Martxan taldeak egutegi bat argitaratuko du. Hura kinta bakoitzeko haurren argazkiekin eta haien urtebetetze datekin osatuko dute.