Nerea Bakaikoa: "Egun, sare sozialekin, moda nahiko berdindua dago leku guztietan. Baina Ingalaterra, adibidez, beti egoten da pausu bat aurrerago"

Testua: Joana Lizarraga Marques 2016ko aza. 18a, 10:06

 

 1. Zein izan zen L'Orealen kruzeroaren proposamena?
L'Orealek Colorboat izeneko kruzeroa antolatzen du. Han Espainiako eta Ingalaterrako ile-apaintzaile famatuak egoten dira haien kolekzio berria aurkezteko. Gonbidatuak joaten garen profesionalek haiengandik ikasten ditugu tendentzia berriak. L'Orealek antolatutako bidaiak lana eta plazerra nahasten ditu.

2. Haiek gonbidatu zintuzten edo zuek mugitu zineten kruzeroan parte hartzeko?
Ez da doako gonbidapena. L'Orealek haien produktuak aurkezten dizkigute eta guk produktu horiek erostean bidaia merkeagoa ateratzen zaigu. Hau da, produktu kantitate bat erosi beharko dugu merkeago ateratzeko, eta gainontzekoa guk ordaindu beharko dugu. L'Orealeko langileak ileapaindegietara etortzen dira kruzero hau aurkezteko. Dena haiek prestatzen dute.

3. Espainiar estatu guztiko jendeak parte hartu zezakeen?
Bai: Kanarietatik, Andaluziatik, Kataluniatik eta abar. 

4. Sakandar gehiagorik topatu zenituzten?
Ez, sakandar bakarrak Mila Etxarri eta biok izan ginen. Iruñeko talde bat ere bazegoen baina ez ginen Nafarroako ileapaintzaile asko joan. Ez da proposamen hau egiten den lehendabiziko aldia, beharbada beste urteetan nafar gehiago animatu dira.

5. Zer motatako ikastaroak zeuden?
Ikastaroak guk ikusteko eta ikasteko ziren, ez lan egiteko. Kruzeroan parte hartu genuen profesionalekin taldeak antolatu zituzten jarduera ezberdinak egiteko. Ileapaintzaile famatu horien artean Tony & Guy, Cebado, Raffael Pagues, XXL Peluqueros, Ramiro Mata edota Luis & Tachi zeuden. Ile-apaintzaile bakoitzak, haien lan taldeekin, show izugarriak prestatu zituzten. Antolakuntza aldetik bikaina izan zen.

6. Bidaiak merezi izan du?
Oso interesgarria izan da lana eta plazera nahastea eta modu desberdin honetan ikastea. Gehien bat, egungo joerak eta moden nondik norakoak ikasi ditugu Gainera, beste profesionalekin hitz egiteko eta haiengandik ikasteko aukera izan dugu.

7. Nolakoak izango dira datorren urteko orrazkera joerak?
Denetatik ikusi dugu: ile luzeak, motzak, kolore argiak, ilunak, arrastoa erdian, alde batera … Ez dago tendentzia bakar bat, ile-apaintzaile bakoitzak bere estiloa eta bilduma baitu. Tendentzia bat esateagatik, kolore aldetik, ia guztiek aurkeztu zituzten proposamenetan ilehoriak zeuden, oso modan daudelako metxa balayage-ak.

8. Zer da hori?
Teknika honek puntak argitzen ditu goiko alderantz zainak ilunagoak utziz, lehengo metxa kalifornianen jarraipen moduan. Antzekoak dira baina beste modu batean ematen dira eta argiagoak geratzen dira. Luzeraren aldetik denetarik ikusi dugu baina kapa luzeak dira tendentzia. Pare bat urtetik hona kapa luzeak ikusi ditugu. Lehen testura kentzen genuen baina orain ilea basatiagoa eramaten da, perfekzioa apurtzen. Gizonen tendentzien artean undercut mozketak jarraitzen du oraindik.

9. Desberdinak al dira beste herrialdeetako orrazkerak?
Ile-apaintzaile bakoitzak bere proposamena aurkezten du baina denek ez dute arrakasta berdina izaten. Gaur egun, sare sozialekin, moda nahiko aurreratua eta berdindua dago leku guztietan. Baina Ingalaterra, adibidez, beti egoten da pausu bat aurrerago.

10. Zein leku bisitatu zenituzten?
Bartzelonatik atera ginen igande goizean eta egun hori itsasontzian igaro genuen. Hurrengo goizean Nizara iritsi ginen eta han turismoa egiten eman genuen egun osoa  Hurrengo egunean Genoara joan ginen, Italiara, eta egun osoa egon ginen hiria bisitatzen eta, eguna bukatzean, Bartzelonara bueltatu ginen. Kruzero motza izan zen baina oso bizia gauza asko egin genituelako. Errepikatzeko esperientzia, dudarik gabe.

11. Etorkizunerako beste bidaia edo proiekturen bat buruan?
Ziur L'Oreal edo beste etxe batzuek gauza berriak prestatuko dituztela eta gu prest gaude haietan parte hartzeko.