Lakuntzako kultur argazkia egin dute, bizitza kulturala dinamizatzeko

Guaixe 2016ko aza. 25a, 09:40

Larunbatean aurkeztu zuten Lakuntzako kultur batzordetik sustatutako kultur diagnosia. Kultur plangintza egokia landu behar dela, taldeen arteko agenda komuna sortu behar dela eta belaunaldien jarraipena sustatu behar dela, aipatutako ondorioak.

Larunbat arratsaldean aurkeztu zen, Lakuntzako kultur etxean, Lakuntzako kultur diagnosia. 40 pertsona inguru bildu ziren kultura batzordeko kide Oihane Uribe-etxeberriak eman zituen azalpenak entzutera. “Diagnosiarekin Lakuntzaren kulturaren errealitatearen argazkia egiten saiatu gara, dauden beharrak antzemateko eta, guztiaren azterketa egin ondoren, martxan jartzeko. Helburua bizitza kulturala dinamizatzea da eta Lakuntzako Udalak kultur arloan dituen zerbitzuen azterketa, aholkularitza eta laguntza ematea. Finean, kulturaren inguruan dugun errealitatearen argazkia egin nahi izan dugu, herritarren artean partekatu eta lanean jartzeko” azaldu zuen Uribe-etxeberriak. Egindako lana 50-60 orriko dokumentu batean bildu dute.

Inkesta, herriko taldeei galdetegia eta solasaldiak
Diagnosia egiteko erabilitako metodologian, batetik, herritarren artean inkesta egin zen; bestetik, herriko talde guztien ordezkariei galdetegia egin zitzaien -18 talde dira– eta, azkenik, lau solasaldi antolatu zituzten, taldean hausnarketa egiteko. Solasaldietarako 100 pertsona deitu zituzten eta 22k parte hartu zuten, metodologia parte-hartzailean. “Kultura batzordeko kideak, udaleko zinegotzi eta zinegotzi ohiekin, herriko kultur sortzaileekin eta herriko taldeetako ordezkariekin bildu ginen. Kulturaren inguruan ditugun udal zerbitzuak, ekipamenduak eta kultur eskaintza landu genituen eta kalitatezko informazioa jaso genuen” nabarmendu zuen Uribe-etxeberriak.

85 lakuntzarrek bete zuten inkesta, horietatik %73 emakumezkoak. Gehienak 35-50 urte artekoak ziren.

Kontestuaren azterketa
Diagnostikoa egiteko herriko kontestuaren azterketa egin dute. Lakuntzako historia, hirigintza, antolaketa eta ingurunea aztertu dituzte, eta baita soziodemografia ere. Demografia datuak hartuta, nabarmentzekoa da Lakuntza azken 15 urteetan %22 hazi dela. “Sakana mailan gehien hazi den herria da Lakuntza, eta herri gazteena da, Irurtzunekin batera. Lehen hazkuntza handia 60. hamarkadan izan zen, industrializazioarekin, eta bigarren saltoa 2.000 urtetik aurrera eman zuen, mundu mailako immigrazioarekin. Egun jatorriz beste estatuetakoak diren lakuntzarrak %5 dira, gehienak marokoarrak eta senegaldarrak. Gero errumaniarrak, kolonbiarrak, bolibiarrak eta brasildarrak ditugu” azaldu zuen kultur batzordeko kideak.

Ekonomiari dagokienez, herritar gehienek metalurgian lan egiten dute eta langabezia tasa txikia da, gehiena emakumeena.

Ekipamenduak eta zerbitzuak
Lakuntzako Udalak 6 partida ditu kulturarako. Tartean daude musika eskola eta liburutegia. “2015ean Lakuntzako Udalaren aurrekontutik %18 kulturara bideratu zen. Eta 1.200 biztanle dituen herri batendako ekipamendu asko dago: berritutako udaletxeko aretoak, liburutegia, musika eskola, kultur etxea… Azken 8 urteetan ekipamenduen hobekuntza oso handia izan da: udaletxe berria, parke berria, plaza berria, kultur etxe berria…” nabarmendu zuen Uribe-etxeberriak. Eta, oro har, herritarrek kultur zerbitzuen inguruan egiten duten balorazioa positiboa da. Kultur etxeari, musika eskolari, udaletxeari eta jubilatuen egoitzari 7ko balorazioa eman diote inkestek, liburutegiari 5,5, Biltoki gazte elkarteari 5 eta herriko musika taldeak entseatzera biltzen diren Mataderoari 5.

Liburutegiak 10.000 euroko aurrekontua eskatzen du urtero. 519 erabiltzaile txartel ditu, eta horietatik %65 emakumezkoak dira eta %34 gizonezkoak. Erabilpenari dagokionez, 3 eta 6 urteko haurren erabilpenak gora egin du (%30), 6 eta 16 urte arteko erabilpenak behera, eta helduen kasuan, erabilpenak gora egin du, %5etik %15era. “Espazioa txikia dela diote inkestek, lekua ere aldatzea proposatzen dute beste batzuek. Bestalde, katalogoa berritu behar dela, dinamizazioaren falta… zein funtzio bete behar duen birplanteatzea proposatzen da” azaldu zuen Uribe-etxeberriak.

Kultur etxearen balorazioa ona da orokorrean. Hobekuntza proposamenen artean, edukiz bete behar dela diote inkestek, plangintza egokia garatu behar dela. Horretaz gain, kudeaketa hobetu behar dela, baliabide teknikoen kudeaketari irtenbidea eman behar zaiola, igogailua martxan jartzea, desfibriladorea jartzea eta wifi librea jarri behar dela dira beste eskaera batzuk.

Musika eskolak 30 urteko ibilbidea du. 2015ean 77 ikasle ziren eta 8 irakasle. Horietatik %64,9 lakuntzarrak ziren, eta %35 inguruko beste herrietakoak. “80.000 euroko gastua du, 40.000 euro inguruko defizita” azaldu zuen Uribe-etxeberriak. Inkestetan, musika eskolaren funtzioa zein den hausnartu behar dela jaso da. Herriko musika beharrak asetzeaz gain, trebatzen diren musikariak Lakuntzako kaleetara gehiago atera behar direla eskatzen da. Kudeaketa hobetzea eta irakasleak euskalduntzea ere eskatzen da, eta Sakanako beste musika eskolekin harremanak sustatzea, guztien artean kudeaketa komuna egiteko. Gelen intsonorizazioa da beste eskaeretako bat.

 Jubilatuak 2014tik daude egoitza berrian, kultur etxean. Balorazioa ona da eta arazo nagusia klimatizazioa da. Azkenik, Biltoki gazteen elkartea da kezka gehien pizten dituena. “Biltoki, eta gazteen inguruan, orokorrean, datu oso gutxi bildu ditugu. Mataderoak 20 urteko ibilbidea du eta musika talde asko pasa dira bertatik. Duela gutxi auzolanean hobekuntza batzuk egin zituzten, baina, akaso, ezezagunena da normalean soilik musika taldeak pasatzen direlako bertatik” nabarmendu zuen Uribe-etxeberriak.

Kultur eskaintzan plangintzaren beharra
Lakuntzan antolatzen diren kultur ekitaldien inguruan, inkesten emaitzek diote %79,5ek ezagutzen duela herrian antolatzen dena. Ahoz ahokoaren bidez, kartelen bidez, sare sozialen bidez eta Guaixe astekariaren bidez enteratzen direla diote inkestek. Eta herritarrek antolatutakoez egiten duten balorazioa 6,88koa da. Ekintza kopurua nahikoa ote den galdetuta, %53,2k baietz uste du eta %46,8k ezetz. Eskaintza antolatzeko irizpideen artean, behin eta berriz errepikatzen da plangintza egoki baten beharra. “Behin eta berriz agertu da kezka hori. Jendeak dio plangintza bat behar dela, urterokoa, edo hiruhilabetekoa, eta komunikazioa hobetu behar dela… Bestetik, jarduera parte-hartzaileak antolatzea da gehien baloratzen dena, adin ezberdinetako harremanak sustatzen dituztenak, kontsumorako beste eredu batzuk jorratzen dituztenak, sormena bulkatzen dutenak, herriko artistekin lan egiten dutenak, aniztasun kulturala lantzen dutenak, kalitatezkoak, euskalduntzea indartzen dutenak… Eta nori zuzenduak? Lehentasuna gazteei zuzendutako ekitaldiei ematen zaie, baina eskaintza orekatua proposatzen da, adin tarte guztiendako” gaineratu du kultur batzordeko kideak.  

Jendeak parte hartzen du
Inkestek, taldeekin egindako bilerek eta solasaldiek argi utzi dute orokorrean Lakuntzako jendeak antolatutako ekimenetan parte hartzen duela, baina antolaketan aritzea beste kontu bat da. “Lan egiteko orduan sentsazioak beti berberak dira, antolaketa taldeetan egotea marroia dela eta taldeetan ez dagoela erreleborik, hori da beste kezka” aitortu zuen Uribe-etxeberriak.

Kultur batzordea, beharrezkoa
Diagnosiak argi uzten du herritarrek kultura batzordea “beharrezkoa” ikusten dutela. “%81ek uste du hori. Nolanahi ere, batzordea sendotzearen beharra ikusten da; jende gehiagok hartu beharko luke parte” gaineratu zuen kultur batzordeko kideak.

18 talde daude
Lakuntzan 18 talde daude. “Diagnosian 16ren datuak daude, baina 18 dira” argitu nahi izan zuen Uribe-etxeberriak. Talde gehienek 20 urte baino gehiagoko ibilbidea dute, baina azken 7 urteetan 4 talde berri sortu dira. “Taldeetako gobernu organoetan 97 pertsona daude eta horietatik 64 emakumezkoak dira. Gehienak 35 urtetik gorakoak dira. Talde hauen inguruan 1.000 pertsona inguru daude, bazkide eta taldekideen artean. Hortaz, ondorioztatu genezake ia herri guztia gutxienez talderen batekin lotuta dagoela. Potentzialitate ikaragarria da hau. Taldeek, orokorrean, euren osasun egoera ona dela esaten dute, eta maiztasun erregularrarekin biltzen dira” azaldu zuen Uribe-etxeberriak. Lakuntzarrek elkarteen balorazio ona egiten dute orokorrean, 7,3koa, baina kezka nagusia da talde bakoitza bere kabuz ibiltzen dela, beti berdinak daudela lanean, baliabide gehiago behar direla eta gazteak ez direla antolatzen.

Diagnosian hainbat proposamen jaso dira. “Talde ezberdinen artean koordinazioa eta elkarlana bulkatu behar direla, taldeen bilgune bat sortu behar dela, elkar ezagutza sustatzeko eta agendak partekatzeko, herriko agenda komun bat sortu behar dela eta taldeak ezagutarazteko bitarteko komunak jarri behar direla, horiek guztiak proposatzen dira” azaldu zuen Uribe-etxeberriak.

Hemendik aurrera
Kulturaren inguruko argazkia egina, hemendik aurrera “lana handia” dagoela ondorioztatu zuten larunbatean Lakuntzako kultur diagnosiaren aurkezpenean bildutakoek. “Abiapuntu komunetatik hasi behar dugu lanean. Denon artean aurrera begira landu beharrekoak markatu behar dira. Zein beharrek dute lehentasun gehiena? Hortik hasi beharko dugu. Baina argi dagoena da kultur plangintza bat egin eta ongi koordinatu beharko dela eta taldeen arteko agenda komuna sortu beharko dela. Taldeen getifikazioa apurtzeko proposamen interesgarriak daude; finean, denoi interesatzen zaigu herrian denetariko ekitaldiak egotea eta guztiak aurrera ateratzeko konpromisoa behar da. Eta, belaunaldiz belaunaldiko jarraipena da kezka sortzen duen gai bat. Non sartzen dira gazteak? Zein kezka eta behar dituzte? Horren berri izan behar dugu” ondorioztatu zuten bildutakoek.