Piperropilekin eta danbor doinuekin hasi ziren San Saastinak

Guaixe 2017ko urt. 20a, 11:05

Lakuntzako Pertza elkarteak Lakuntzako Txindoki gozotegiko Sabino Navarro gozogileari jarri zion aurtengo Ohorezko txanoa

Bart hasi ziren 2017 urteko Sakanako lehendabiziko festak: Lakuntzako San Saastinak. Hauek dira lakuntzarren benetako festak, udakoak aintzinako feriak baitziren. Atzo arratsaldean hasi ziren, txupinazoarekin. Segidan piperropil lehiaketaren txanda izan zen eta gauerdian ekin zitzaion Lakuntzako Pertza elkarteak antolatzen duen danborrada eskaintzeari. Aurten 27. edizioa izan da. Joxe Flores eta Ricardo Aretaren aginduetara sukaldariz jantzitako lakuntzarrek euren danbor gorriak gogoz astindu dituzte gauerditik aurrera, San Saastin martxa, dianak, Tatiago, Biribilketa, Iriyarena eta Lantzeko zortzikoa eskainiz.

Danborrada bat egitearen ideia 1990. urtean sortu zen lagun koadrila baten inguruan. Urte hartako San Saastin jaietan irten ziren lehen aldiz Lakuntzako kaleetan barna. Sekulako izotza omen zegoen, baina bakoitzak etxetik ahal zuena ekarri zuen, danborrak, tinbalak, kristalezko botilak, txirulak… denetarik, eta San Saastin Martxa, esaterako, herriko akordeoilari batek mikrofonoaren laguntzaz jo zuen. Gauzak asko aldatu dira ordutik, egun plazan jotzen baita danborrada, Lakuntzako abesbatzak eta txarangak eskainitako doinuei segika. Danborrada antolatzeaz aparte, 1997an ohorezko txanoak banatzen hasi ziren Lakuntzako Pertza elkartekoak, herriko hainbat alorretan, kirolean, kulturan edo lanbide desberdinetan, herriagatik lan egin duten pertsonei omenaldia egin nahiean. Aurten Lakuntzako Txindoki gozotegiko Sabino Navarro gozogileak jaso zuen, “urte luzez San Saastin eguneko erromerian San Saastin baselizan piperropilak banatzeagatik”, Ricardo Aretak aipatu zigunez. Pozik eta hunkituta jaso zuen omenaldia. Navarro lehen mailako gozogile ofiziala da eta duela 32 urte zabaldu zuen Lakuntzako Txindoki gozotegia Mari Cielo Lopez de Zubiria bere emaztearekin batera eta bere tartak, turroiak, Errege erroskoak eta gozoek arrakasta handia dute.

Gaur, erromeria
Gaur goizean Aldabako dermioan dagoen San Saastin baselizara erromerian joango dira lakuntzarrak. Meza entzun ondoren auzate ederra eskainiko du Lakuntzako Pertza elkarteak, txistorra, txokolatea eta ardoa tartean direla, eta, jakina, ez dira faltako Sabino Navarrok emango dituen piperropilak. Izan ere, piperropilak San Saastinei lotuta daude erabat. Arrautzak, azukrea, irina, anisa eta kanela ere zenbaitek erabiltzen dute piperropilak egiteko. Opil gozoa da, fina, antzinako ohiturei lotutakoa. Garai batean neska batek mutil batekin dantzatzen zuenean, jaiak bukatu eta hurrengo igandean piperropila oparitzen zion mutikoari. Ohiturak aldatu dira baina Lakuntzako etxe askotan jarraitzen dute sutondoan talaburniaren gainean piperropilak egiten.

Arratsaldean danborrada txikiaren eta Alkate-dantzaren txanda izanen da, lakuntzarrek alkateari eta udal ordezkariei eskaintzen dieten dantza. Asteburu jendetsua espero da, eta herritarrak asetzeaz gain, bisitariak hartzeko egitarau oparoa prestatu du Udalak. Jakina, ez da dantzaldirik ez kirol ekitaldirik faltako, bihar, larunbatean, Sakanako Pilota Txapelketako finalak jokatuko baitira eta igande eguerdian aizkolarien erakustaldia izango baita, beste hainbat ekitaldiren artean. Festetara joateko jaibus zerbitzua egonen da.


San Saastinen egitaraua
Ilbeltzak 20, ostirala
6:00etan Aurora.
11:00etan Erromeria San Saastin baselizara.
12:00etan Meza San Saastinen.
13:00etan Auzatea Lakuntzako Pertza elkarteak eskainia.
18:30ean Danborrada txikia plazan.
18:30ean Elai-Alai dantza taldearen emanaldia plazan.
19:00etan Alkate dantza.
19:30ean Buruhandiak
20:00etan Dantzaldia DJ Bull-ekin.
20:00etan Auzatea.
21:00etan Zezensuzkoa.
00:00etan Dantzaldia DJ Bull-ekin.

Ilbeltzak 21, larunbata
12:00etan Erraldoiak eta buruhandiak.
13:00etan Auzatea.
13:00etan Karrika dantza plazan.
17:00etan Sakanako Pilota Txapelketako finalak.
18:30ean Umeendako herri kirolak plazan.
19:30ean Buruhandiak.
20:00etan Auzatea.
20:00etan Dantzaldia Oharkabe taldearekin.
21:00etan Zezensuzkoa.
00:00etan Dantzaldia Oharkabe taldearekin.

Ilbeltzak 22, igandea
11:00etan Puzgarriak pilotalekuan.
11:00etan Alebinen futbol txapelketa parkean. Lagun Artea-Sutegi.
13:00etan Auzatea.
13:30ean Aizkolariak plazan.
16:30ean Puzgarriak pilotalekuan.
20:00etan Auzatea.
20:00etan Dantzaldia Iñakirekin.
21:00etan Zezensuzkoa.