Zabaleta: “Hasieratik entxufatuta ateratzea izango da gakoa”

Guaixe 2017ko mar. 17a, 12:25

Elezkanok eta Zabaletak eta Olaizolak eta Untoriak larunbateko Binakako finalerdietako 2. jardunaldirako pilotak aukeratu zituzten Labriten.

Jose Javier Zabaletak, Dani Elezkanok, Aimar Olaizolak eta Alvaro Untoriak larunbateko partida erabakigarrirako materiala aukeratu zuten asteazkenean Labriten. Bi bikoak Binakako finalerdietako ligaxkako lehenengo jardunaldian euren partidak galtzetik datoz eta finalera sailkatzeko aukeraren bat izateko, irabazi ala irabazi, ez dute besterik. Hortaz, larunbatekoa final aurreratua da.

Igandean urduri zegoen
Zabaletak igandean Eibarren Irribarria eta Rezustaren kontra galdutako partida izan zuen hizpide. Urduri jarri zela onartu zuen Etxarrengoak, eta nerbioek bere jokoa baldintzatu zutela. Larunbaterako argi du egin beharrekoa: hasieratik irabaztera ateratzea. “Buruari bueltaka aritu ondoren, ongi nago, beste buru batekin. Burua garbitu dut. Positiboan pentsatu nahi dut eta larunbateko partidarako animo askorekin nago” adierazi zuen material aukeraketan Zabaletak. “Eibarko partidan zer gertatu zitzaidan? Urduri jarri nintzela. Eta argi dago Aimarren eta Alvaroren kontrako partidan beste mentalitate eta jarrera batekin atera beharko naizela kantxara. Baina badaude egun batzuk beste batzuetan baino urduriago zaudena eta igandean urduri jarri nintzen” onartu zuen Etxarrengo atzelariak.

Larunbatean hasieratik partidan sartuta egotea “gakoa” izango dela nabarmendu zuen Zabaletak. “Larunbateko partida eta Irribarria- Rezustaren kontrakoa ezberdinak izango dira. Iker eta Beñat jotzaile handiak dira eta Aimar eta Alvaro ez horrenbeste, ez dute dena atzera jokatzen. Gakoa lehen segundotik entxufatuta ateratzea izango da, hasieratik irabaztera ateratzea” aitortu zuen Etxarrengo atzelariak. “Zabaleta atzean indartsu egotea eta nik aukerak aprobetxatzea, horretan oinarritu beharko dugu jokoa” gaineratu zuen Danel Elezkanok.

Binakako hasierako ligaxkan euren kontra jokatutako partidatan galdu egin zuten Zabaletak eta Elezkanok. Eta finalerdietan alderantzizkoa gertatzen den. “Pilota gutxi galtzen baditugu irabazteko aukerak izango ditugu. Ea hasieratik ongi hasten garen. Hori izango da gakoa” nabarmendu zuen beste behin. Materialari dagokionez, Aimarren eta Alvaroren pilotak frontisetik gutxi ateratzen direla aipatu zuen Zabaletak, “baina lurrean gehiago ibiltzen dira gureak baino. Dena den, uste dut pilota politak izango direla guztiak” azaldu zuen Zabaletak. Etxarrengo atzelariaren pilotakada indartsuak xamurtzeko hautatuko zituzten frontisetik gutxi ateratzen diren pilota horiek.  

Aimar: “Beste final bat”
Larunbateko partida “beste final bat” izango dela argi du Aimarrek. “Materialarekin, inongo arazorik gabe. Guk nahi genuena aurkitu dugu. Partida garrantzitsua da hau, beste final bat. Txapelketa honetan hainbat final jokatzea tokatu zaigu eta hau beste bat izango da. Ez da erreza izango, bikote handia direlako eta atzelari ikaragarria delako Zabaleta, ongi badago partida gehienak irabazten dituena. Zabaletak asko ematen dio, eta guk defendatu, lana egin eta jokoan sartzen saiatu... horretan saiatuko gara” azaldu zuen Goizuetako aurrelariak.