Ikuskizunetik bizikidetzara

Guaixe 2017ko mai. 12a, 13:16

Larunbatean, 17:00etan eta 19:30ean, Lakuntzako kultur etxean.

Txingurriye taldeak lakuntzarren arteko integrazioa du helburu. Horregatik hainbat arlotan ari da lanean: herritar berrien seme-alabei eskola-laguntza ematen, euskara irakasten, kulturartekotasuna sustatzeko jarduerak antolatzen… Baita ikuskizunen bidez ere. Txingurriye taldeko Emma Larretak azken urteetako esperientzia oinarri duela azaldu digu “antolatzen ditugun ikuskizunetan kalean agurtu ere ez litzatekeen jendea elkartzen dugu”.

Gero eta gehiago dira Txingurriyeren ikuskizunetan parte hartu nahi dutenak. Joan den urtean 20 parte-hartzaile baziren aurten 33 dira, 15 eta 50 urte ingurukoak. Gainera, askok errepikatzen dute. “Udazkenaz geroztik ikuskizunean parte hartu nahi dut esanez etortzen zaizkit eta nik ez dut inor kalean uzten. Nola edo hala moldatzen naiz denei paper bat emateko”, azaldu digu Larretak. “Hori bai, behin sartuta, ez uzteko konpromisoa hartuta”.

Prest
San Saastin festen aurretik egin zuten aurreneko bilera, “udaleko bilkura gelan ez ginen sartzen”. Inork ez zekien zer proposatuko zien Larretak eta “nahiko erotuta nengoela esan bazuten ere, festen ondoren entseatzen hasi ziren”. Elkarrekin entseatzeko aukerarik ez dutenez, taldetxotan aritu dira, “astegun guztietan izan ditut entseguak” azaldu digu Larretak. Inor ez da profesionala. Igandean egin zuten entsegu orokorra eta dena prest dago. “Atzean lan handia dago”.

Guztiek ere ederki gorde dute zer ari diren prestatzen, “baina publikoak ongi pasatzea espero dugu”. Txingurriyekoak aurreratu digun bakarra da “formatu berritzailea” dela. Udan hasi zen Ixilik, grabatzen gaude izenburua duen ikuskizunari bueltak ematen. Baina dagoeneko eskarmentua badute denek: Joan den urtean Gora ezkonberriak! antzerkia izan zen. Duela bi, musikalei omenaldia. Aurreko bi urteetan plazan zerbait informalagoa egina zuten.

Oharrak
Bihar leihatilan 19:30erako sarrerak besterik ez dira salduko. 17:00etarako emanaldirako nahi dituenak aurretik erosi beharko ditu. Antolatzaileek puntualtasuna eskatu dute. Behin atea itxita ezin izanen da inor sartu.