Astekaria

Zelai Berriko eta Itxesaldeko zaindariari, aitortza

Maider Betelu Ganboa 2023ko aza. 27a, 13:00
Javier Andueza Artieda Lagun Arteako juntako kidea da 1996tik. Belar naturaleko zelaia zaintzea da bere lanetako bat.

Lakuntzako Lagun Artea Futbol Taldeko Javier Andueza Artiedari zilarrezko domina emango dio Nafarroako Gobernuak, 25 urte baino gehiagotan futbola sustatzeko egindako lan nekaezina aitortzeko. Azaroaren 27an jasoko du domina, Nafarroako Jauregian

Nafarroako Gobernuak entrenatzaile, teknikari, eta junta lanetan 25 urte luze baino gehiago daramatzaten 30 pertsonari aitortza egingo die azaroaren 27an, astelehena, Nafarroako Jauregian, eta zilarrezko domina banatuko die kirola sustatzeko egiten duten lan ordainezina eskertzeko. Domina jasoko dutenen artean Javier Andueza Artieda lakuntzarra dago, Lagun Artea Futbol Taldeko juntakidea, beste zeregin askoren artean Zelai Berri eta Itxesalde futbol zelaiak primeran egoteko ardura duena.

Futbolaria
Javier Andueza Artieda, herriko beste mutil asko bezala, Lagun Artea taldeko futbolaria izan zen. Hamazazpi urte zituela hasi zen Lagun Artean, erdilari, defentsaren aurretik. “Lagun Artea Erregional mailakoa zen, eta Preferentera igo ginen. Sekulakoa izan zen, orduko Preferentea gaur egungo Hirugarren maila dena zelako, edo gehiago, ez baitzeuden Bigarren B eta halako mailak. Orduko Preferentean Osasuna Promesasek, Peña Sportek, Izarrak, Tudelanok, Harok... halako taldeek jokatzen zuten. Osasuna Bigarren Mailatik Hirugarrenera jaitsi zen, eta gu Erregionaletik Preferentera igo ginen, Osasuna baino kategoria bat beherago” gogoan du Anduezak. Lakuntzan “zaletasun handia” zegoela nabarmentzen du. "Kanpora jokatzera joaten ginenean, bi autobus betetzen genituen, haurrak, gazteak, helduak... denetatik. Giroa ederra zen”.  Belauneko arazoekin hasi zen, eta gauza bat eta bestea zela, ezkondu zenean utzi zuen. “Ordutik partidak ikustera joaten nintzen, beste zaletuek bezala”.

1996an kluba birsortu zuten
Lagun Arteak historia luzea du. 1966. urtean sortu zen ofizialki, bere estatutuekin, araututa, baina aurretik jokatzen zuen. 1948. eta 1949. urteetako Nafarroako Futbol Federazioko aktetan agertzen da. Bateko eta besteko arazoak zirela medio, 1983. urtean desagertu zen, hamahiru urtez. “Lakuntzako Pertza elkarteko juntan elkarteko lehendabiziko erreforma edo obra handia egitea egokitu zitzaigun. 1995.ean komisio bat sortu genuen lanei aurre egiteko, eta komisio horretan geundenetako batzuek Lagun Artea futbol taldea birsortzea erabaki genuen, taldea ateratzea. Elkarteko lanekin bukatu genuenean, futbol taldea bigarrenez birsortzeko lanarekin hasi ginen, 1996. urtean”.  

Horrenbeste urte erabili gabe egon ondoren, Itxesalde futbol zelaia barratuta zegoen. “Zelaian ardiak egoten ziren, eta aldagelak, eta gauza asko, apurtuta zeuden. Ez zegoen ez urik, ez argirik... ezer”. Zerotik hasi zirenez, dirua behar zen. “Garai hartan 5 milioi pezetako kreditua eskatu genuen, guk, juntakideek, abala emanda, emazteei ezer esan gabe. Duela 27 urte hori diru asko zen”.

Santi Mendieta, Pedro Mari Lopetegi, Carlos Ruiz de Erentxun, Miguel Angel Areta, Jesus Mari Goikoetxea, Jose Mari Lanz eta Javier Andueza zeuden hasierako junta hartan. Taldea sortzeko paper eta baimen kontuak eta Nafarroako Futbol Federazioko harremanak Miguel Angel Aretaren ardura ziren. Nafarroako Herriko gazteekin hitz eginda, 1996/1997 denboraldian Erregional Mailan hasi zen jokatzen Lagun Artea, baina denboraldia Uharte Arakilgo Aralar Mendik utzitako zelaian jokatu behar izan zuen, Itxesalde konpontzen ari zirelako. Irañetako Txapel Azpin ere entrenatzen zuten. “Trukean, aldagelak konpondu genizkien”.

 

Javier Andueza: "Itxesalden eta Zelai Berrin lanik gehienak auzolanean egiten ditugu"

 

Itxesaldeko lanak, auzolanean
Itxesalden lan izugarria egin zuten. “Goitik behera buelta eman genion. Eskerrak Santi Mendieta juntan zegoela. Anaiekin eraikuntza enpresa zuenez, behar genuen makineria guztia jarri zuten: kamioia, palak... denetatik. Juntakideek esku lan handia egin genuen. Orduak eta orduak sartu genituen. Hormigoizko posteak ekarri, jarri, zelaia txukundu, aldagelak konpondu... denetatik. Ahal ziren lanak auzolanean egin genituen, larunbat eta igandeetan”.

1997/1998 denboraldian Itxesalden jokatu zuen Lagun Arteak. “Horrenbeste urte jokatu gabe, hasieran belarra zegoen. Belarra mozteko makina erosi, eta zelaia ongi prestatu genuen. Baina zelaia erabiltzearen poderioz, lokatza agertu zen, eta horrela ezinezkoa zen. Harea ekartzea erabaki genuen, hareazko zelaia izateko. Makina bat kamioikada harea ekarri genituen! Xabi Beteluk utzitako nibelagailuarekin guztia ongi jarri, eta zelaiari inklinazioa eman genion, euria egiten zuenean ura alboetara joan zedin”. Tartean, hutsik egin gabe, Javier Andueza. “Eskerrak bere garaian harea kapa potoloa jarri genuela, erabiltzearen poderioz jaisten baitoa. Harearen azpian lurra dagoenez, tarteka belarrak ateratzen dira, eta kendu behar izaten ditugu” dio.

1998. urtean, Zelai Berri
Bitartean, zelai berria egiteko aukera sortu zitzaion Lakuntzako Udalari. "Itxesalde atzean igerilekuak egiteko proiektua zegoen. Bere garaian zuloa eta guzti egin zuten, gaur egun publizitate poste handia dagoen toki horretan, baina autobideko obrengatik jada igerilekuak ezin ziren bertan egin, autobiatik gertu geratzen zirelako”. Aldi berean, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendari Jose Luis Diezek Itxesalde bera ere autobiatik oso gertu zegoela aipatu zuen. Aukerak ikusita, Lakuntzako Udalak Eskola Laboralak ziren eremuan egin zituen igerilekuak eta futbol zelai berria, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzekin. Zelai Berri izena Lagun Artearen lehenengo zelaiaren, parkean dagoen Zelai Ederren aldaera bat izan zen.

Zelai Berri eta Itxesalde Lakuntzako Udalaren jabetzak dira, baina Lagun Artea Futbol Elkartea da kudeatzailea. Zelai Berriko lanak udalak egin zituen, baina ondoko lan guztiak (harmailak, taberna, komunak, biltegia, txokoa, igerilekuen pareko tribuna txikia eta bestelakoak) Lagun Arteak ordaindu eta egin ditu. Auzolanean, jakina. “Ondare handia utziko diogu herriari” dio Anduezak. Ildo honetan, udalari babes gehiago eskatzen dio. “Itxesaldeko eta Zelai Berriko ura eta argia udalak ordaintzen ditu. Horretaz gain, urtero 500-900 euro inguruko dirulaguntza ematen digu, baina arbitraje batek 400 euro balio ditu, atera kontuak. Klub batek gastu handiak ditu: jokalarien fitxak, mediku azterketak, arbitrajeak, jantziak, txartelak... uste dut gehiago merezi dugula. Klub askok ez dute sinesten horren dirulaguntza gutxi jasotzen dugunik”.

 

Javier Andueza: "Belar artifizialeko zelaiarekin klub bati lanen %80 kentzen diozu"

 

Di Stefano eta Clemente
Zelai Berriko harmailek Miguel Ansorenaren izena eta argazkia daramate. “Miguel Ansorena zenak laguntza ekonomiko handia eman zigun. Harmaila, berari esker egin genuen. Materiala erosteko dirua jarri zuen, eta ondorengo esku lan guztia guk egin genuen auzolanean: piezak soldatu, kokatu, muntatu...”. Ansorenak Fronton jatetxea kudeatzen zuen Madrilen Amaia Martinez bere bikote lakuntzarrarekin. ”Ansorenaren harremanei esker, duela 25 urte, Zelai Berriko mustutzeko partidan, Alavesek eta Valladolidek jokatu zuten. Alaveseko presidentea Gonzalo Anton zen, upategietakoa, Ansorenaren ezaguna. Eta partida ikustera Alfredo Di Stefano eta Javier Clemente etorri ziren, Ansorenaren ezagunak. Sekulakoa izan zen” gogoratzen du Anduezak.

Partidaren ondoren Alaveseko eta Valladolideko jokalari eta teknikariek Lakuntzako Pertza elkartean bazkaldu zuten. Baita Osasunakoak eta Oviedokoak ere, Lakuntzako beste lagunarteko partida baten ondoren.“Txuletak egin genizkien, bagenekielako oso gustuko zutela. Gustura egon ziren”.

Zelaia ongi egoteko, lan handia
Javier Anduezaren buruko min handiena Zelai Berriko zelai naturala ongi zaintzea da. Ordu asko ematen ditu honetan. Ia egunero egiten du buelta Zelai Berrira. Belarra mozteko bi makina daude, eta makinak ongi mantentzeko eta konpontzeko ardura ere berea da.

Belarra mozteak ordu asko kentzen ditu, baina lan gehiena eguraldi kaxkarra hasten denean zelaian markatuta gelditzen diren zuloak betetzea eta konpontzea da. “Hasieran zuloz zulo harearekin nahasitako masa batekin betetzen genituen zuloak. Pozala hartu, eta aurrera. Duela urte batzuk, jasotako belarra hartu, zulora eraman eta ongi luzatzen dugu. Sekulako lana du. Bizpahiru lagun egoten gara jo eta ke, egun bakoitzean lauzpabost ordu”. Horretaz gain, zelaia abonatu behar da, belar txarrak kentzeko herbizidak bota, eta ongi zaindu. Behin “sustoa” izan zuen. “Zelaian “Hervicida total” delakoa bota, eta txandrioa egin nuen. Berriro belarra erein egin behar izan genuen”.

Zelai Berriko zelaia alfonbra bat bezalakoa da eta gozamena da bertan jokatzea, baina atzean lan erraldoia dago. Eta gastua. “Makina bat diru uzten dugu abonuetan, herbizidetan, makinen mantenuan eta markatzeko erabiltzen dugun pinturan” dio. Eguraldi txarra hasi arte, Erregionalaz aparte, Lagun Arteako gainontzeko taldeek ere Zelai Berrin jokatu izan dute: jubenilek, kadeteek eta infantilek. “Duela hamabost egunera arte bertan ibili dira, gustura. Baina eguraldi txarra hasten denean, Itxesalden jokatzen dute, Zelai Berriko zelaiak ezingo ziolako martxa horri eutsi. Ezin denean, ezin da, baina, bestela, joka dezatela guztiek”. Egun sei talde ditu Lagun Arteak, aipatutakoak eta kimuen bi talde, eta 300dik gora bazkide.

Belar artifizialaren ametsa
Zelai Berrin belar artifiziala jarri ahal izatea da Javier Anduezaren ametsa, “baina udalak eman beharko luke eskaera egin eta dirulaguntzak eskatzeko prozesua, Zelai Berri berarena delako. Gu aurreproiektua ordaintzeko prest gaude, baina momentuz udalak ez du gaia serio hartu. Kaixer zinegotzia zenak belar artifizialarekin interesa zuen, gaia lantzeko ilusioa. Bere galera zori txar handia izan da guztiendako. Ea norbaitek bere lekukoa hartzen duen”.

1996tik Lagun Arteako juntan dago Javier Andueza. “Denetatik tokatzen zait: zelaia zaindu, soldadura lanak, eta obrak eta konponketak. Eta afariak ditugunean, sukaldari. Denetatik” dio, irribarrez. Une goxo asko bizi izan dituzte. “Hiru partida jarraian irabazterakoan afariak egiten genituen elkartean edo beranduago Zelai Berrin egin genuen txokoan. Futbolariek ere bazkariak egiten dituzte bertan”. Baina baita une gogorrak ere. “Urte batean juntako hiru kide hil ziren: Santi Mendieta, Jesus Arraiza eta Jose Miguel Olano. Arraizarekin makina bat ordu sartu izan ditugu biok, zelaia txukuntzen. Mendietarekin ere harreman oso estua nuen. Oso gogorra izan zen”. Hiruren aldeko oroigarria dago Zelai Berrin.

Gorputzak segitzen dion bitartean lan egiteko prest jarraitzen du Anduezak, gizon aktiboa baita. “Nik ez diot beldurra lanari. Egutegian markatuta izaten ditut egunero egin beharrekoak”. Zelai artifiziala lortzea mugarri izan liteke. “Zelai artifizialarekin futbol talde batek dituen lanak %80 desagertzen dira. Zelai artifiziala jarriko balitz, lasai utziko nuke junta, gelditzen direnendako eta atzetik etortzen direnendako klubeko lana errazagoa izango litzatekeelako”.

 

Javier Andueza: "Zilarrezko domina lanaren aitortza da. Guztiekin gogoratuta hartuko dut"

 

Eskertuta
25 urte baino gehiago futbolaren alde egindako lanagatik Nafarroako Gobernuaren zilarrezko domina jasoko duela Javier Hernandez Lagun Arteako presidenteak esan zion. “Nik ez dut sekula nabarmendu nahi izan, baina egin ditugun eta oraindik egiten ditugun lanekin gutxienez bakarren bat gogoratzea, ez dago gaizki. Lanaren aitortza da. Pentsatzen jarrita, nik saria Mendietari emango nion, edo Arraizari... eurekin asko gogoratzen naiz. Baina niri tokatu zait, eta guztiekin gogoratuta hartuko dut”. Omendu bakoitzak bi pertsona eraman ditzake ekitaldira, eta Anduezak bizian bidaide duen emaztea eta alaba izango ditu alboan. “Gutxienez Nafarroako Jauregiko salak ikusiko ditugu” dio, irribarrez. Atzera begiratuta, ereindakoak merezi du. Eta sariak ere.