Lakuntzako metalurgiaren memoria jasota

Guaixe 2024ko api. 23a, 09:29
Lakuntzako metalurgia historiaren ikus-entzunezkoaren aurkezpena. UDALA

Kultur etxeak ‘Lakuntza, tradizio metalurgikoren historia’ proiektuaren lehen zatiaren aurkezpena hartu zuen apirilaren 12an. 

Lakuntzako Udalak ahozko memorian oinarritutako proiektu bat garatu du aurreko legealdi akaberatik. Haren bidez, “Lakuntzan dagoen ekintzailetza ekimenari balioa aitortu nahi” dio udalak.  Horretarako, Labrit Ondarea enpresarekin lanean ari da, materia gabeko ondarearen bilketan erreferentea dena. Dagoeneko udalak aurreneko lagina erakutsi du. Hartan, hainbat testigantzaren bidez, Lakuntzako metalurgia industriaren sorrera eta bilakaera jasotzen da. Historia, hitz batean. Horretarako, hainbat enpresatan aritutako eta lanean ari diren pertsonak eta udalean egondakoak elkarrizketatu dituzte. 

Oihane Uribetxeberria Garmendiak azaldu duenez, "oinarri antropologikoa duen metodologia sistematizatu baten bidez, ikus-entzunezko elkarrizketak edo materia gabeko ondare unitateak jaso ditugu". Alkateak gaineratu duenez, "lehen bilketa fase hau proiektu zabalago baten barruan dago, eta gure herriaren historiaren dokumental bat barne hartuko du". Hori egiteko, hala ere, “pausoz pauso” joanen direla gaztigatu du. Bigarren fasean herriko XX. mendeko historia jasoko lukete. 

Bitartean, egindako lana aurkeztu zuen udalak. Hura gauzatzeko, udalak honako enpresen laguntza eta diru ekarpenak izan ditu: Lacunza Kalor Group, Sakana S.Coop., Industrial Barranquesa, Aceros Moldeados de Lacunza, Sagarte S.A., Barga Group eta Galvanizados Lacunza. 

Mugarriak

  • 1927an Lakuntzan San Antonio Sarrailagintza instalatzeak mugarri bat ezarri zuen herrian, ordura arte nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreei lotutako ekonomiatik bizi baitzen Lakuntza.

  • La Cerrajera izenez ezaguna, 30eko hamarkadan 200 pertsona baino gehiago iritsi ziren lanera. Asko emakumeak ziren, batzuk argintza eta sarrailagintza sailetan aritzeko, tradizioz maskulinotzat jotzen ziren lanetan.

  • Handik urte gutxira beste galdategi bat sortu zen, Tot Garais, eta hortik atera zen gaur egungo Lacunza Kalor Group marka. Ondoren, 50eko hamarkadan, Barranquesa industrialak ekin zion bere ibilbideari.

  • 70eko hamarkadan, Lakuntzako Aceros Moldeados, Barga, Galvanizados Lakunza eta Sakana Coop sortu ziren.

  • Ia mende bat geroago, industria da gutxi gorabehera 1.267 biztanleko herriaren motorra.