Musikarekin "bidaiatu", kultur etxetik atera gabe

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko api. 22a, 10:04
Victor Mesanzaren kontzertu bat. UTZITAKOA

Victor Mesanzak musika "sendagilea eta dimentsionala" egiten du. Musikarekin "eramaten uztea" proposatzen du, "gauza desberdinak" esperimentatzeko. Apirilaren 20an kontzertua eman zuen, Lakuntzako kultur etxean.

Victor Mesanza "15 eta 20 urte bitarte" daramatza musika sortzen. Ez da nolanahiko musika, musikariak deskribatu duenez, "sendagilea eta dimentsionala" baita. "Jende guztia ez du zertan sendatu, eta dimentsionala, beste dimentsioetara bidaiatzen duelako jendeak". Apirilaren 20an, kontzertua eman zuen Lakuntzako kultur etxean. Herrian emanen duen bigarren kontzertua izanen da; "abenduaren 30ean egin nuen lehenengoa eta asko gustatu zitzaidan tokia eta nola entzuten zen". Horregatik itzultzea erabaki du. Kontzertura joaten direnek eroso, lasai eta etzanda egoteko edozein gauza eraman behar dute, esterillak edo tunbonak, esaterako. Mesanzarena "zerbait desberdina" da. 

"Niri interesatzen zaidana eta musikarekin egiten dudana da nik ditudan sentsazioak elkarbanatzea. Jendea musikaren bidez joatea eta ikustea dena begiratzen". Kontzertua hasten denean argiak itzaltzen dituzte eta argitxo bat pizturik uzten du Mesanzak, jendea etzanda egoten da eta bakarrik egongo balira bezala sentitzeko esaten dio jendeari. "Joaten uzteko esaten diet". Adimena "arrazionala" utzi behar da Mesanzaren kontzertuetan. "Gustatzen zait aurretik azalpenik ez ematea, eta oso ongi pasatzen dut gerora, behin bukatuta, jendea etortzen denean eta gertatu zaiena kontatzen didatenean. Ondoren, azalpenak ematen dizkiet". Musikaren bidez entzuleek "gauzak ikusten" dituztela esan du musikariak. 

Kontzertuak ematen duela bost bat urte hasi zen. Ordura arte, modu indibidualean ematen zituen saioak bere estudioan. Egiten duen musika instrumentala da. Entzuten duenak "musikaren bidez gidatu behar da, utzi eramaten, eta momentu txarrak badaude utzi eta gero itzuliko zara". Kontzertuetara dena grabatuta eramaten du, eta instrumentu asko tartekatzen ditu. "Abesti batean agian hiru piano egon daitezke. Melodiak jarraitzen du eta orduan jendeak uste du biolin bat sartuko dela, esaterako, baina batbatean danbor baten soinua sartzen dut, eta dena apurtzen du". Hor sortzen dela magia esan du Mesanzak. 

Tresna
Musika "desberdin" hau burua "zabaltzeko eta beste toki batzuetara" bidaiatzeko tresna bat dela esan du Mesanzak, eta horretarako sortzen hasi zen. "Beste errealitateetara joateko erabiltzen dudan tresna bat da. Dena dirudiena baina handiagoa da". Batzuek beste errealitateetara joateko "gauzak hartzen" dituztela esan du, berak ez direla behar uste du: "Musika tresna bat da, adimen arrazionala alde batera uzteko tresna bat". 

Oihane Andueza lakuntzarraren Visibles Invisibles liburuan parte hartu zuen, eta liburuan musikak eragiten dituen gauza asko azaltzen dira. "Batzuek ezinezkoak dirudite, baina bertan agertzen den guztia egia da. Irakurtzen duzuenean ez dela posible pentsatzen duzu, baina bai. Nik prozesu horretan parte hartu nuen". 

Lakuntzako harrera oso ona izan zen, eta bueltan izango da. "Asko gustatu zitzaidan tokia bera eta jendea. Beraiek kontatu zizkidaten sentitu zituzten esperientziak asko gustatu zitzaizkidan". Esaterako, pertsona batek kontatu zion esperientzia bat eta aurretik beste batek esperientzia berdina kontatu zion. "Elkar ezagutzen ez duten bi pertsonek esperientzia berdina kontatu zidaten. Abesti batekin berdina ikusi zuten". Dena "lotuta" dagoela erakusten duela esan du Mesanzak. "Beste batek esan zidan, harrituta eta sinistu gabe, musika belarritik entzuten hasi zela, eta gero barruan entzuten zuela".

Erlazionatuak