Sanmartindarrak Lizarragan

Guaixe 2023ko aza. 13a, 09:30
Lizerratarra San Martin ermitaren ondoan. ARTXIBOA

Aurten San Martin eguna larunbatarekin bat egin du. Lizarragako San Martin kofradiak bere eguna ospatu zuen. XVIII. mendean sortutako kofradia eta 29 kidez osatuta dago.

Irurako bidea hartuta, Lizarragatik kilometro eta erdira dago San Martin ermita. Inguru hartan garai batean herri bat, despopulatu zen herri bat zegoen, eta Rafael Carasatorre Vidaurrek Barranca-Burunda liburu ederrean Urkizu izan daitekeela dio. Ermitako atea larunbatean 12:00etan zabaldu zen, titularraren kofradeak hartzeko. Aurreko egunen batean ere zabaldu zen, sanmartindarren anai buruak larunbateko elizkizunerako behar bezala prestatuta utzi baitu.  

Lizarragako San Martingo anaiak Azi iturri elkartean elkartzen dira lastaileko azkeneko larunbatean, 19:00ak aldera. Topaketan kofradiaz eta San Martin egunerako lotu beharrekoak izaten dituzte hizpide. Ondoren, 21:00ak aldera, haragi gisatua eta gaztainak afaltzen dituzte. Anai buruak eta haren laguntzailea arduratzen dira sanmartindarren festaren antolaketaz. Ardura horiek urtero aldatzen dira. Aurten anai burua Xabier Ezkerra Larraza da eta laguntzailea, berriz, Ander Beltza Goldarazena. Azken hori anai buru ardura hartu zuen larunbatean eta beste sanmartindar bat laguntzaile izendatuko zuten. Aukeraketa hori zerrenda bati jarraituz egiten dute.

Eguna
Sanmartindarrak elkartean elkartu ziren larunbatean, 09:30ak aldera. Gosaria prestatuko zien sukaldaria izan zuten, eta hari anai buru eta laguntzaileak lagundu zioten gosaria prestatzen. Menua: tripotak eta barrukiak. Majo gosaldu ondoren, kofradeak elizara sartu ziren. Han anai buruak kandela batzuk prest utzita zituen. Haiek hartu eta, oinez, ermitarako bidea hartu zuten 11:30ean. Kandelak piztuta eramatea da kontua, baina haizeak gogoz jotzen duenez, itzali eta ermitara iristean, atzera ere, pizten dituzte. Elizkizuna 12:00etan hasi zen.

Meza ondoren, sanmartindarrak Lizarragara bueltatzen dira, zehazki anai buruaren etxera. Han apaizak, lehenik, etxea bedeinkatu egiten du, eta ondoren, etxeko hildakoen alde otoitz egiten du. Anai buruaren etxekoak despedituta, trikitilari eta pandero-jolea lagun, sanmartindarrak bazkal garaia iritsi arte poteoan ibiltzen dira. 

Azi iturri elkarteko mahaira esertzen direnean eguneko kontuak egin, bakoitzak dagokiona ordaindu eta anai izateko eskaerarik balego hura aztertuko lukete. Egin beharrekoak despedituta, urtero errepikatzen den menua izanen dute zain: urdaiazpikoa, zainzuriak eta tripotak sarrera gisa, zopa, legatza eta txuleta edo txerrikumea. Postre garaian ez dute hutsik eginen Lakuntzako Txindoki gozo dendako hostopil tartak. 15:00etan hasten den bazkaria anai buruaren eta laguntzailearen senideek zerbitzatzen dute. 

Bazkal burukoa luzatu eginen zaie kofradeei, baina 18:00ak aldera, kalera atera, eta musikarien doinuak lagun herrian barna kalejira eginen dute. Beraien ibilbidean San Martingo anaiek hiruzpalau kofraderen etxeetan geldialdiak eginen dituzte. Nahi duen kofradeak egiten du bere etxera joateko gonbidapena. Haietan jan-edanak eskainiko zaizkie. Herrian barnako kalejira elkartean despedituko dute, afaria prestatzeko garaian. Eta musika lagun, ordu txikiak arte luzatuko da sanmartindarren festa. Garai batean ospakizuneko gosaria eta bazkaria anai buruaren etxean egiten ziren. 

Historia luzekoa
Lizarragako San Martin kofradia XVIII. mendekoa da. Hala jakinarazten du kofradiaren akta liburuak. Hura emantzaileak zaintzen du urtean zehar. Liburuan bertan San Martin ospakizunaren berri jasotzen dute urtero: zenbat kofrade izan ziren, nola pasa duten eta beste. Urtean zehar sanmartindarren bat hiltzen bada, kofradiak haren omenezko meza ordaintzen du. Bestalde, orain arte, hiltzen den kofradearen ordez haren seme nagusia sartzen da kofradian. Hala nahi badu, behintzat. Sanmartindar izateko beste modu bat kofradiari eskaera egitea da. Eskaera jasota, kofradeak biltzen diren egunean, San Martin aurreko bilkuran edo sainduaren egunean eskaera aztertu eta onartu edo ez erabakiko dute. 

Kofradia gaur egun gizonezkoez osatuta dago. Haren liburuan inon ez da ageri emakumezkoak ezin direla sanmartindarrak izan. Beraz, emakumezkoren batek kofrade izateko eskaera egiten badut, sanmartindarrek beraien batzarrean beste edozein eskaera bezala aztertuko dute. Kofradiatik jakinarazi dutenez, oraindik halako eskaerarik ez dute izan. 

Ermita 
Sanmartindarrak arduratzen dira haren mantenuaz. Aspaldi obra egin zuten eta "nahiko ongi" utzi zuten. Oinplano angeluzuzena du (110 m2 inguru), buruhorma zuzena, harlanduzko horma luzituak eta bi leiho, eta ate dinteldu sinplea du epistolaren aldean. Bi isurkiko teilatuaz estalita dago eta, errematean, harrizko gurutze bat dauka. Erretaula errenazentista da, XVI. mendearen bukaerakoa. San Martin bere kapa ezpatarekin zatitzen agertzen da, eskalea laguntzeko.