Bi etxebizitzak aurten eginen dituzte

Guaixe 2024ko ots. 1a, 09:00
Bargazpi tabernaren gainean eginen dituzte etxebizitzak. ARTXIBOA

Lizarragako Kontzejuak medikuarena zen etxean gizarte alokairura bideratutako bi etxebizitza egiteko lanak aurten egin nahi ditu. Bi etxebizitzak urtea despeditzerako eginak nahi lituzke. Bitartean haiek emateko baldintza plegua prestatuko du.

Lizarragako Kontzejuaren aurtengo aurrekontuetan 263.670 euroko diru sarrerak daude, joan zen urtean baino 20.500 gehiago. Herriko kontuetan aurreikusitako gastuak, berriz, 259.720 eurokoak dira, 2023an baino 77.000 gehiago. Eneko Etxarri Amorinek, kontzejuko presidenteak, esan duenez, "aurrekontua handitu da inbertsio gehiago eginen ditugulako". diru kontuetan inbertsioetarako zehazki 201.000 euro daude jasoak. 

Medikuaren etxea zenaren beheko solairua konpondu eta han Bargazpi taberna zabaldu zuen Ergoienako Kontzejuak 2019ko garagarrilaren 9an. Gainean etxebizitza zegoen. Auzolanean solairu guztia hutsik utzi zuten eta kontzejuaren asmoa da han gizarte alokairurako bi etxebizitza egitea, 60 bat metro karratukoak. Etxarrik azaldu duenez, "orain etxebizitzak eginen dituzten eraikitzaileak kontratatzeko lanetan ari gara. Apirilerako eman nahi genituzke lanak. Ondoren, kontratua hartzen duen enpresak sei bat hilabete izanen ditu bi etxebizitzak egiteko". Beraz, lanak urte akaberarako despedituta egonen dira, "lehenago ahal bada, hobe!", nabarmendu du presidenteak. 

Lanak finantzatzeko kontzejuak bere dirua jartzeaz aparte, Ergoienako Udalaren eta dirulaguntza baten ekarpena izanen du. Etxebizitza parea egiten denerako, haiek emateko araudia egin beharko du kontzejuak. "Etxeak nola eman jakiteko baldintza eta aukera guztiak aztertu nahi ditugu". Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoaren atean jotzea ez du baztertu.

Taberna, enkantera 
Lizarragak 2019an hiruzpalau urte zeramatzan herrian tabernarik ez zuela. Herrian bi elkarte egonagatik ere, denak sartzeko moduko espazio bat nahi zuen kontzejuak. Topagunea izateaz aparte, herriari bizia emanen zion zerbitzu bat irudikatu zuen garaiko kontzejuak taberna. Hura egin ondoren, errentan eman zuen. Baina Bargazpi tabernaren kontzesioa aurten despedituko da. "Epea bukatu denez, taberna berriro enkantera atera behar dugu. Zer baldintzatan eman behar dugun begiratu beharko dugu. Asmoa da enkante deialdia maiatza aldera egitea", jakinarazi du presidenteak. 

Inbertsio gehiago
Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasoz gero, Lizarragako Kontzejuaren nahia da dermioko bideak konpontzea. "Paseatzen ari direnek atseden hartzeko, Erregaioko bide bazterrean bankuak jarri genituen joan zen urtean. Jende asko ibiltzen da han pasieran, eta bidea gaizki dagoela esan izan digute", azaldu du Etxarrik. Aipatu bidea eta San Martin ermitara eramaten duena konpondu nahi lituzke aurten kontzejuak. 

Bestetik, basoa saldu zuten eta salmentatik lortutako diruaren %20 berriro basoan inbertitu beharra dute toki erakundeek. "Bideren bat konpondu edo itxituraren bat egitea pentsatzen ari gara", azaldu du presidenteak. Bide batez, basozainei aurten basoa saltzea dagokien galdetu diete. Bestalde, Lizarragako Kontzejuak bozgorailuak eta proiektorea erosi zituen joan zen urtean, horiek emanaldiak egiteko baliatzen dituzte. 


Kontzejuko kide Lorenzo Nuñez Perez, Miren Iosune Andueza Osteriz, Eneko Etxarri Amorin eta Naroa Etxarri Senar.

Kargu aldaketak
Joan zen urteko maiatzaren 28an kontzejuak berritzeko hauteskundeak ere egin ziren. Prozesu horretatik sortutako erakunde berriak garagarrilaren 17an eratu ziren, tartean Lizarragako Kontzejua. Egun hartan kontzejuko presidentearen ardura Unai Navarro Aristorenaren eskutik Eneko Etxarriren eskuetara pasa zen. Etxarriz aparte kontzejua osatzen dute Naroa Etxarri Senarrek, Lorenzo Nuñez Perezek, Miren Iosune Andueza Osterizek eta Erkuden Caravilla Lezeak. 

Etxarrik jakinarazi duenez, "kontzejuan gaudenok erabaki dugu presidente kargua txandakatzea. Bakoitzak urte bat eginen du kontzeju buru gisa. Hauteskundeetara hautagaitza aurkezteko modua eman zigun aukera horrek". Beraz, Etxarrik kargua garagarrilean utziko du. Ondorioz, Lizarragak San Adrian festetarako kontzejuko presidente berria izanen du.