Hilerria erabiltzeko ordenantza onartu du kontzejuak

Guaixe 2023ko mar. 13a, 11:17
Lizarragabengoako hilerria. ARTXIBOA

Haren bidez kanposantuaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza arautu du.

Herriaren hegoaldean dago Lizarragabengoko hilerria. Orain arte hura gobernatzeko araudirik ez zegoela ikusita, eta bere eskumena dela jakinik, Lizarragabengoako Kontzejuak kanposantua administratu, zuzendu eta zaintzeko betebeharrak zehazten dituen ordenantza onartu du. Kontzejuaren egitekoen artean egonen dira, besteak beste: hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea; lur, hilobi eta gainerako zerbitzuen antolaketa, funtzionamendua, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua; hilobiak ehorzketarako erabiltzeko eskubideen lagapena; jasotzea ezartzen diren tasak eta eskubideak; osasun neurriak betetzea; hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko lizentziak ematea, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz; zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzerakoan agertzen direnak eta hilobien eta kolunbarioen tokia antolatzea. 

Araudiaren arabera, hilerrian lurperatzeko eskubidea izanen dute honako egoera hauetakoren bat betetzen duten pertsonek: heriotzaren unean Lizarragabengoan erroldatuta daudenak, heriotza gertatu zen unean Lizarragabengoan erroldatuta ez egon arren, lehen bizilekua eta erroldatzea Lizarragabengoan gutxienez 60 urtez erroldatuta egon diren pertsonak. Hauek Lizarragabengoako "naturaltzat" joko dira, eta erroldatutakoen tratamendu bera jasoko dute eta, azkenik, aurrez aipatutako kasuetan egon gabe Lizarragabengoako hilerrian lurperatu nahi diren pertsona guztiak.

Kontzejuak zehaztu duenez, lurreko hilobien eta horma hobien hileta erabilera 10 urtera bukatuko da, ehorzketa gertatzen den egunetik zenbatzen hasita. Tarifei dagokienez, lurrean ehorzten duten herritarrek eta herriko “naturalek” zerbitzuaren kostua ordaindu beharko dute. Gainerakoek, berriz, 200 euro. Beste senide batzuen hilobietan ontziak sartzea zerga ordaintzetik salbuetsita gelditu da. Horma hobiei, kolunbarioei dagokienez, zerbitzuaren kostuak ordaindu beharko dituzte lizerrengotarrek eta bertako “naturalek” eta 100 euro gainontzekoek. Hobitik ateratzeko garaian zerbitzuaren kostua izanen da ordaindu beharrekoa. 

Arau gehiago 
Ordenantzak jasotakoaren arabera, Lizarragabengoako Kontzejuaren biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai. Zehaztu denez, kanposantuan, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, betiere legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak. Bestetik, ehorzketa hasi aurretik, senideek edo interesdunek heriotza-ziurtagiria aurkeztu beharko dute Bake Epaitegiko Idazkaritzan.

Araudiak zehaztu duenez, titularren eta haien senideen betebeharra da hilobiak eta hilotzak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan mantentzea. Kontserbazio egoera egokia ez denean, kontzejuko lehendakariak interesdunei eskatuko die hogeita hamar egun naturaleko epean hilobiak egokitzea. Adierazitako epea pasa ondoren interesdunek eskatutako lanak egiten ez badituzte, Kontzejua segurtasuna, osasuna eta apaindura-baldintzak betetzen direla bermatzeko beharrezko lanak egingo ditu, eta horien kostua interesdunei ordainaraziko die.

Lurperatu eta hobitik ateratzeko, ordenantzan beste gorpuzki mota batzuetarako ezarritako arau berdinak aplikatuko dira. Horrekin batera, garagarriletik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean. Aldi berean, kontzejuak bere gain hartzen du interesatuei elementuak (epitafioak, oroigarriak, sinboloak, hilarriak) kentzeko eskatzeko ahalmena, baldin eta kokatuta dauden ingurunera egokitzen ez badira edo paisaian eta espazioan integratzen ez badira. Kontserbazio egoera ona ez denean, kontzejuko lehendakariak 30 egun naturaleko epean hilobia egokitzeko eskatuko die interesdunei. Epe hori igaro eta errekerimenduari jaramonik egin ez bazaio, plaza buruak tokia behar bezala kontserbatuko dela bermatzeko beharrezkoak diren obrak eta/edo jarduketak egin ahal izango ditu, pertsona interesdunen kontura.