Kartela osatuz Konpetentziaren Defentsarako Legea hautsi dute porlanaren sektoreko bost enpresek: Cementos Portland Valderrivas (CPV), Beriaingo Hormigones Beriain, Arangurengo Canteras de Echauri y Tiebas, Iruñeko Canteras y Hormigones Vre eta Cemex. Arau-hauste larria egin dutela eta guztiei 11 milioi euroko multa jarri die. Erdia Olatzagutiko porlandegiaren jabe den CPVk ordaindu beharko du, 5.726.431 euro. CPVk gainera 959.277 euroko isuna jaso duen Vre SA enpresaren jabetzaren erdia du. Sakanan presentzia duen zementu konpainiak guztira 6.206.069,5 euroko isuna jaso du.
Espainiako Lehiaren Batzordeak ebatzi duenez, Nafarroan eta inguruko lurraldeetan "porlanaren, agregakinen eta morteroaren prezioak finkatzeko eta pixkanaka igotzen joateko eta merkatua banatzeko akordioak egin" zituzten. Akordio horiek 2008tik 2009ko irailaren 22ra arte egon ziren indarrean. Erakundeak ebazpenean dioenez, "merkatuan konpetentzia mantentzeko konpetentziaren kontrako jarduera okerrenetako bat dira kartelak eta kontsumitzaileei kalte handiagoak sortzen dizkie".
Porlandegitik azalpenak
CPVren Olatzagutiko plantako giza-baliabideen buru Pablo Isturizek argitu nahi izan digu espedientea konpainiako beste enpresa bati zabaldu ziotela. "Ez du zerikusirik ez Olatzagutiko fabrikarekin ezta Sakanan lan egiten duen pertsona bakar batekin ere". Isuna jaso duten enpresak hormigoi ekoizleak direla nabarmendu du, Olatzagutian porlana egiten dutela azpimarratuz. Enpresa haien jarduna Iruñerrira mugatuko litzateke, ez Nafarroa eta inguruetara.
Isturizek azaldutakoaren arabera, "ebazpenak Olatzagutiako lantegian ez du inolako eragin juridikorik. Fabrika honetako langileoi arrotz zaigun zerbaitek gure irudi publikoa kaltetu du". Isturizek aurreratu digu CPVk helegitea aurkeztuko duela eta aurreratu du auziak luze joko duela.