Espainiako Lehiaren Batzordeak Olatzagutiko porlandegiaren jabe den Cementos Portland Valderrivasi (CPV) 1.285.649 euroko isuna jarri dio. Lehiaren Batzordeak "informazio guztia ez ematea, okerra eta gezurtia edo faltsua" leporatu dio CPVri. Horregatik, Lehiaren Batzordearekin elkarlanean aritzeko beharra ez duela bete uste du eta isuna jarri dio. CPVk isunaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Aldi berean, Lehiaren Batzordearekin elkarlanerako prest izan direla beti gaineratu du.
5,7 milioiko isuna CPVri
Espainiako Lehiaren Batzordeak (ELB) ilbeltzean ebatzi zuenez, kartela osatuz Konpetentziaren Defentsarako Legea hautsi zuten porlanaren sektoreko bost enpresak, Cementos Portland Valderrivas (CPV), Beriaingo Hormigones Beriain, Arangurengo Canteras de Echauri y Tiebas, Iruñeko Canteras y Hormigones Vre eta Cemex empresek hain zuzen.
Arau-hauste larria egin dutela eta guztiei 11 milioi euroko multa jarri zien. Erdia Olatzagutiko porlandegiaren jabe den CPVk ordaindu beharko du, 5.726.431 euro. CPVk, gainera, 959.277 euroko isuna jaso duen Vre SA enpresaren jabetzaren erdia du. Sakanan presentzia duen zementu konpainiak guztira 6.206.069,5 euroko isuna jaso du. Ebazpenari helegitea aurkeztu diote aipatu porlandegiek.