Olaztiko Mintzakideak

Guaixe 2014ko urr. 31a, 08:00

Miriam Imaz, Marta Otxoaerrarte, Pepa de Miguel, Agedi Santa Maria, Ainhoa Flores, eta Luis Lumbreras mintzakideak eta Edurne Ruiz Sakanako Mintzakide koordinatzailea eta AEKko irakaslea.

1.Zer da Mintzakide?
Edurne (Sakanako Mintzakide koordinatzailea): Euskal Herri osoan dagoen egitasmo bat da. Sakanan Mintzakide izena du baina beste tokitan Mintzalagun, Berbalagun… Sakanan Mintzakide egitasmoa burutzen den 8. urtea izango da hau. Helburua da euskaldunak biltzea euskaraz praktikatzeko eta euskararen erabilera bulkatzeko.

2.Euskara ikasten ari den jendea da biltzen dena edo ez du zertan hala izan behar?
Edurne: Egon daiteke euskara ikasten ari den jendea, duela asko euskara praktikatu ez duen jendea eta normalean euskaraz ongi hitz egiten duen norbait egoten da. Sakanan 7 Mintzakide talde daude Olaztin, Altsasun, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan eta Irurtzunen, ordutegi ezberdinetan. Talde bakoitza autonomoa da eta beraiek erabakitzen dute zein ordutan bildu eta zer egingo duten. Baina argi dago kafeak asko erakartzen duela, Sakanako talde guztiak kafea hartzera gelditzen baitira (kar kar). Baina posible da edozein ekintza egitea: paseatzera joatea, mendira…
Aurten gure erronka da Gurasolagun taldeak sortzea eskoletan eta ikastoletan. Hau da, klaseak bukatzerakoan parkean edo plazan haurren eta gurasoen taldeak elkartzea, eta euskaraz mintzatzea. Haurrak euskaldunak direnez, hori aprobetxatu haurrek eta gurasoek euskaraz hitz egiteko. Espazioak euskalduntzea, finean.

3.Olaztiko taldea non biltzen da?
Asteartetan, 15:30ean, Erburua kiroldegiko tabernan, kafea hartzera. Olaztiarrak eta ziordiarrak biltzen gara. Zortziren bat gara. Taldea aurreko urtean hasi zen eta aurten bigarren urtea dugu. Duela bi aste hasi ginen eta ekainera arte bilduko gara. Ekainean seme-alabek soilik goizez dituzte klaseak eta arratsaldez ezin dugu.

4.Zergatik etortzen zarete?
Miriam: Erraztasun handiagoa behar dut euskaraz hitz egiteko eta euskaraz hitz egitera etortzen naiz. Orain, Mintzakide taldekoekin kalean gurutzatzen garenean euskaraz egiten saiatzen gara. Lehen gaztelaniaz egiten genuen. Eta txip aldaketa hori egin dugu.
Marta: Nire lehen eguna da eta gaur bakarrik entzutera nator.
Pepa: Ni baita ere.
Agedi: Urte asko neraman euskaraz asko hitz egin gabe. Mintzakide taldearekin, behintzat, astean behin ordu bat egiten dugu euskaraz eta nabaritzen da. Gero kalean elkartzen garenean ere euskaraz egiten dugu. Eta gustura. Errepikatu dugu!
Ainhoa: Ni jende gehiago ezagutzeko eta euskara praktikatzeko animatu nintzen. Aita Arbizukoa dut, ama Etxarrikoa, AEKn batua ikasten dut… pupurri xelebrea daukat!
Luis: Aurreko urtean euskaltegian komentatu ziguten ea Mintzakide taldea sortu nahi genuen. Olaztin bazegoen neska bat ezin zuela euskaltegira joan, ordutegiengatik, eta klaseko lagunekin eta beste gelakoekin taldea sortzera animatu ginen… eta gustura!

5.Mintzakideetatik AEK-ko klaseetara nortzuk zoazte?
Agedi izan ezik gainontzeko guztiok. AEK-ko Altsasuko euskaltegian ikasten dugu.

6.Zein ezberdintasun dute klaseek eta mintzakide taldeak?
Klaseak prestatuta daude. Gidoi bat dago eta jarraipena egiten dugu. Gelan guztiok ezagutzen dugu elkar eta hitz egiteko lotsarik edo beldurrik ez dugu, baina Mintzakide taldean edozein gaitaz hitz egiten dugu.
Edurne: Klaseetan saiatzen gara askotan egoera artifizial pila bat sortzen mintza praktika lantzeko, rolak banatuz, testuak kontatzeko eskatuz… Baina taldean hori guztia erreala da erabat. Klaseak eta Mintzakide osagarriak dira guztiz.

7.Zuen artean beste mota bateko harremana sortzen da?
Gustura egoten gara eta denetarik hitz egiten dugu.

8.Kafea hartzeaz gain noizbait beste ekitaldirik egin duzue?
Edurne: Mintzakidetik saiatzen gara mintzakideendako ekintzak planteatzen, AEK-ko euskaltegian antolatutako ekitaldi guztietara parte hartzera gonbidatzen ditugu eta saiatzen gara gauza bereziren bat egiten urtean zehar mintzakide guztiak elkar ezagutzeko. Zinema egunak egin izan dira, txangoren bat, Larraungo Mintzalagun egitasmoko kideekin bildu…

9. Zer moduzko esperientzia da?
Ona, ordutxo bat egoten gara euskaraz hitz egiten, oso gustura. Euskaraz hitz egiteko aukera askorik ez dutenendako oso gomendagarria da.
Edurne: Aipatzekoa da egitasmo hau dohainik dela Mankomunitateak diru laguntza ematen duelako. Hortaz, denbora eta gogoa izanez gero, nahikoa!

10.Taldeak zabalik daude? Edonor hurbildu daiteke?
Bai. Zalantzarik gabe. AEK-ko Itxesi euskaltegira (948 468 258) deitu beharra dago, besterik gabe izena emateko, baina dohainik da. Sakanako taldeen ordutegien berri emango diegu bertan, aukeratu dezaten.

11. Ingurukoek zer diote? Zuen euskara hobetzen dela nabaritzen dute?
Pila bat nabaritzen da. Udan ez gara bildu eta erraztasunean pilo bat galdu dut. Eta orain… berreskuratzera! Harremanak egiteko ere ekimen polita da.