Oztopo arkitektonikoak kenduta, eskolan igogailua jartzera

Guaixe 2014ko urr. 30a, 17:45

Udalak oztopo arkitektonikoak kentzeko lanen bigarren fasea despeditzearekin batera hasi ditu eskolan igogailua jartzeko lanak.

Olatzagutiko kaleak herritar guztiendako irisgarriak izateko udala pasa den urtean hasi zen hainbat lan egiten. Haurren gurdiendako eta gurpildun aulkiendako oztopo dira askotan espaloietako koskak. Haietako asko beheratu dituzte. Aldi berean, oinezkoak seguruago joateko, udalak San Joan kalean espaloia ere egin du. Lan horiek egiteko udalak urte erdiz kisusgil bat eta peoi bat kontratatu ditu. Udalak 13.150 euro bideratu ditu kontratazio horietarako eta Nafarroako Gobernuaren 17.850 euroko diru-laguntza jaso du, guztira 31.000 euro. Gainera, lanak egiteko beharrezko materiala Olatzagutiko Udalak ordaindu ditu, horretarako 21.000 euro bideratuz.

Gurutze Rodriguez alkateak jakinarazi digunez, oztopo arkitektonikoak kentzeko lanek heldu den urtean segida izanen dute. Espaloietan beheratzeak egin eta behar izanez gero espaloi berriak eginen dira. Lan horietarako udalak diru-laguntza eskaera egina du: 8 hilabetez lanean ariko liratekeen kisusgilea eta peoia kontratatu nahi lituzke. Horretaz aparte, baso-lanak egiteko peoi bat kontratatzeko laguntza ere eskatu du Olatzagutiko Udalak.

Lanak eskoletan
Berriki hasi dira eskoletan igogailua jartzeko lanak. Alkateak jakinarazi digunez, abenduaren 8rako lanak despedituak egon behar dute, “diru-laguntzak baldintza hori jartzen baitu”. Lanak Etxeberriko Lantegi SL enpresa egiten ari da, 42.793,77 euroren truke (BEZ kanpo).