140 irristalari Olaztin

Guaixe 2016ko urt. 26a, 12:37

Mank-ek antolatutako Sakanako Irristaketa Topaketan bildu ziren

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Olaztiko Udalaren laguntzarekin, Sakanako Irristaketa Topaketa antolatu zuen larunbatean. Olaztiko Erburua kiroldegian Sakanako 140 irristalari inguru bildu ziren, Sakana Irristaketa Taldekoak gehienak –Olaztiko Sutegi, Altsasu taldea, Urdiaingo Aitziber eta Etxarri Aranatz eta beste herrietako partaideez osatua– eta Etxarri Aranazko eta Uharte Arakilgo irristaketa eskoletakoak baita ere. Topaketaren antolaketan Sakana Irristaketa Taldeko arduradun Juli Acebesek, Irantzu Imazek eta Saioa Baztanek lagundu zuten.

Sakanako irristalariak elkar ezagutzea eta irristaketaz gozatuz egun polita pasatzea, hori izan zen topaketaren helburua. Eta lortu zuten, irristalariek eurendako propio prestatutako joko, ekitaldi eta lasterketez gozatu zutelako. Bokaeran askaria izan zen denondako.