Desfibriladore eta lehen sorospenen ikastaroak Olaztin

Guaixe 2016ko abe. 21a, 11:19

2017an izanen dira, oraindik zehaztu gabeko datetan. Izena ematea zabalik dago

Batetik, Sakanako Mankomunitateak, CEIM-en, Olaztiko Sutegi taldearen eta Olaztiko Udalaren laguntzarekin, desfibriladore ikastaroa antolatu du.
Ikastaroa ilbeltzean eskainiko da, oraindik ziurtatu gabeko datan, 16:30etik 20:30era, Olaztiko kultur etxean. Gurasoei, kirol arduradunei, monitorei, langileei, irakasleei eta, finean, lehen sorospenetan interesa duen edonorri zuzendua dago. Ikastaroan landuko direnen artean daude birika-bihotzeko erreanimazioa, bizitza arriskuan jartzen duten egoeren aurrean –itotzea, krisi epileptikoak, bihotzekoak…– zer egin eta desfibriladorearen erabilera.

Bestalde, Mank-ek, Olaztiko Sutegi taldearen, Olaztiko Udalaren eta DYAren laguntzarekin lehen sorospenen ikastaroa antolatu du. 2017an izanen da, oraindik zehaztu gabeko datan. Guztira 4 orduko bi saio izanen dira, larunbat goizetan gauzatuko direnak Olaztiko kultur etxean. Gurasoei, kirol arduradunei, monitoreei eta lehen sorospenetan interesa duen edonorri zuzendua egongo da.

Lehen sorospen ikastaroan landuko dutena
Birika-bihotzeko erreanimazioa, bizitza arriskuan jartzen duten egoeren aurrean –itotzea, krisi epileptikoak, bihotzekoa…– nola jokatu, eta desfibriladorearen erabilera lantzeaz gain, ondoko eduki teorikoak izango dituzte: anatomia eta fisiologia (giza gorputza), lehen sorospenen oinarrizko printzipioak, erorketak, zauriak eta hemorragiak, bendajeak eta inmobilizazioak, oinarrizko bizi euskarria eta birika-bihotzeko erreanimazioa, larrialdi neurologikoak (epilepsia, lipotimia, sinkopea, sukar-konbultsioak…), arnas larrialdiak, ingurune-larrialdiak eta lehen sorospenetako legedia. Bestalde, saio praktikoetan, bendajeak eta inmobilizazioak, zaurien eta odol isuriaren kontrola eta bihotz-masajea landuko dituzte, oinarrizko botikin batek zer izan behar duen eta nola erabili behar den lantzeaz gain.  

Izena emateko
Bi ikastaroetan izena ematea zabalik dago, ilbeltzaren 20ra arte, Mankomunitatean (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus) edo Sutegiko Alberto Landa (628 776 848). Desfibriladore ikastaroaren prezioa 20 eurokoa da eta gehienez 24 partaideendako tokia egongo da. Beste ikastaroak ez du partaide mugarik. Partaideek ikastaroa egin izanaren ziurtagiria jasoko dute.