Kintoak 2017

Kintoak ospatzen ari dira

Guaixe 2017ko ots. 3a, 11:47

Atzotik astelehena bitartean ariko dira Santa Ageda ospatzen aurten 18 urte betetzen dutenak. Bihar, herri guztia. Horregatik, 19:00etatik 22:00etara dantzaldia izanen da eta 00:00etatik 3:00etara Los Villanos del Ruido txaranga ariko da.

Dozena bat kinto dira aurtengo protagonistak: Ester Ondarra, Argoitz Razkin, Irene Lopez de Goikoetxea, Lorena Avraam, Maider Agirre, Mikel Razkin, Nadia Kostadinova, Olaia Agirre, Patxi Goikoetxea, Zuriñe Arguelles, Xabier Grados eta Aitor Lorea. Kinto ospakizuneko aurreneko elkartzea herenegun gauean izan zuten, afaltzera elkartu zirenean.

Atzotik domekara, eguneroko plan bera dute. Gosaltzera elkartu, indarrak bildu eta Itxabela txarangaren laguntzaz herrian barna eskean ibiltzea. Eske-erronda bazkaltzeko etengo dute eta ondoren, afaltzeko ordua iritsi arte eskean ariko dira kintoak. Afaltzeko garaian, atzo, beti-kintoak elkartu zitzaizkien eta haiekin batera parranda egin zuten. Gaur, berriz, afariaren ondoren gaztetxean Guda Dantza eta ETS taldeen kontzertuak izanen dituzte. Bihar eguerdian, eske-erronda une batez geldituko dute, bazkaldu aurretik, 45 urte eta 60 urte betetzen dituzten kintoekin batera argazkiak egiteko.

Domekan, gosaldu ondoren, 12:15ean mezara joanen dira. Han lau opil bedeinkatuko ditu apaizak. Bat berarendako izanen da, bestea medikuarendako. Azken biak herriko adinduenak eta gaztetxoenak jasoko dituzte. Asteburuko parrandaren ondoren, kinto olaztiarrek bazkariarekin eta afariarekin despedituko dute ospakizuna astelehenean.