Martxoak 8 2020

Olaztiarren agenda morea

Guaixe 2020ko mar. 6a, 13:53

Bi emakumezko Intsumisio plazan.

Martxoan barna luzatzen da, baina asteburua beterik dator.

Martxoak 8ak markatuko du Olatzagutiko Udalaren hilabeteko kultur agenda. Hura Cholitas dokumentalaren emanaldiak zabalduko du, gaur, 19:00etan, kultur etxean. Jaime Murciego Tagarro eta Pablo Iraburu Allegueren dokumentalak Boliviako emakumezko indigena batzuk Aconcagua (Amerikako mendirik altuena) igotzeko egindako espedizioaren berri jasotzen du. Dokumentalean emakumezkoek beraien kolore biziko gona tradizionalekin izotzezko hormak igotzen ikusteko aukera izanen da. “Eskalatzaile soilak baino gehiago dira, emakume ausartak dira”. Agenda morearen hurrengo hitzordua bihar, 18:30ean, da, gaztetxokoan. Zergatik hitz egiten dugu genero-berdintasunaz? Zalantzak eta kontzeptuak argitzen tailerra izanen da gaztetxoendako. 

Domeka eguerdian eskualde mailako manifestazioa antolatu du mugimendu feministak Altsasun eta Olatzagutiko Udaletik bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. Handik bueltan, 15:00etan, bazkaria izanen da Kamiogaina jubilatu elkartean. Bazkal-bururako musika emanaldia izanen da:  Ainhoa Legez Kanpo, 17:00etan. Harren ondoren, 19:00etan, kontzentrazioa eginen da Intsumisio plazan. 


Egitaraua 
Martxoak 13, ostirala
22:30ean Tdiferentzia taldearen Perdiendo el juicio antzezlana, Olatzagutiko kultur etxean. Olatzagutiko Udala. 

Antzezlana musika-tragikomedia originala eta garaikidea da, non sexu gehiegikeria eta bortxaketengatik egindako kondena eta epaiketen inguruko gogoeta egiten den. Genero ikuspegia legeetan, prestakuntzaren beharra, epaile matxistak, aurreiritziz betetako galdeketak, biktimaren birbiktimizazioa, gizarte-epai paraleloak, patriarkatua, hipokresia. Muntaia konprometituak gogoeta bilatzen du, horregatik, eslogan eta esaldi eginetatik ihes egiten du obra muntaia oportunista bihur ez dadin. Tdiferencia taldearen azken apustua da bere borroka feminista berezia, umorea, musika, maitasuna, kabareta eta publikoarekiko topaketak tresna gisa erabiliz.


Martxoak 15, igandea
17:00etan Meri, Mari eta Lari antzezlana Olatzagutiko kultur etxean. Olatzagutiko Udala.

Galder Perezek idatzitako eta Maria Urzelai aktorearekin batera sortuko antzezlana da. Azken horrek eta Yogurinha Borovak jokatzen dituzte Meri eta Mariren rolak. Antzezlana ipuinez eta Yogurinha Borovaren abestiez osatutako obra da, askatasunaz hitz egiten duena. Izan ere, istorioak sexu eta genero aniztasunaz hitz egiten du, familia eredu desberdinez eta beldurrak baztertzeaz.

 

Martxoak 28, larunbata
10:00etatik 14:00etara Autodefentsa feminista tailerra. Sutegin. 16 urtetik gorako emakumezkoei zuzenduta. Gutxienez 8 parte-hartzaile behar dira, gehienez 20. Izen ematea martxoaren 20ra arte, udaletxean edo olazti@olazti.com e-postara idatziz. Olatzagutiko Udala.