Autobiako magala gerriratzeak trafikoa Olaztira eraman du

Guaixe 2024ko mar. 4a, 09:29

Iparraldeko Autobiako (A-1) magala gerriratu zen eta lurrak euste horma bat autobiako errei gainera bulkatu zuen. Gobernuak erreia moztu, trafikoa Olatzagutian barna desbideratu eta konponketa lanak egiten hasi da.

Autobiaren Altsasuko noranzko erreian, Olatzagutia parean, hiru euste horma daude. Ziorditik joanda, errotondatik autobia gaineko zubiraino 250 bat metrokoa dago eta Xabierko Frantzisko kalearen paretik hilerriko atearen pareraino 180 bat metrokoa. Bi euste horma horiek porlanezko plantxez eginak daude eta haren gainean Patxi Galanek muralak margotu zituen. Azken euste horma porlandegiko toberaren oinarriaren aurrean hasi eta Leire kalearen parera artekoa da. 170 metro luze ditu eta porlanezko pilarez eginda dago. Hain zuzen ere hor izan zen lurjauzia. Leire kaleko sei garajeen azpiko magalak gerriratu, lurrak behera egin eta euste horma autobia gaineko erreira bulkatu zuen. 

Arriskua ikusita, Nafarroako Gobernuak astearteko 10:00etarako autobiaren errei hori itxi zuen. Trafikoa 395. irteeratik desbideratu zuen. Hau da, Olatzagutiko Inguraketa kaletik NA-2410 errepidera. Bi horiek errei bakarrekoak izanik, Iparraldeko Autobian ibilgailu ilara handiak sortzea eta trafikoa moteltzea ekarri zuen. Olaztiarrendako, berriz, denboraren makinan atzera egitea bezalakoa izan zen, berriro ere trafiko handia herritik pasatzen ikusi zutelako. 

Aldi berean, langileak magala gerriratu zen tokian arriskua kentzeko lanak hasi zituzten. Leire kaleko etxeak onik daude, baina sei garajeak ez. Guztiak Cementos Portland Valderrivasenak dira. Pala batek garajeak bota zituen. Bitartean, autobia bertatik, beste pala batek gerriratutako magaleko lurra kentzen aritu zen. Lan horiekin gobernua magala egonkortzeko egin dira. Lan horiek eginda, segurtasuna erabat bermatuta zegoela, bypassa egin zen otsailaren 29an, trafikoa Olatzagutitik pasa ez dadin. Hau da, Ziordirako bi erreiak bi noranzkoetako trafikoa hartu du. Autobia gainean, herri parean, dagoen informazio seinale handiaren hasi eta Geltoki kalearen parerainokoa da bypassa, 330 bat metro. Azkenik, dagoeneko, konponbide teknikoak aztertzen ari da geoteknia teknikari talde bat.  

Altsasuko autobien lotura gunea eta Olatzagutia eta Ziordia arteko A-1 errepidearen desbideratzea eta bikoiztea 1998ko garagarrilaren 23a mustu zuten. Nafarroako Gobernuak Ziordian trafikoa zenbatzeko duen neurgailuan egunero 20.721 ibilgailu pasatzen zirela neurtu zuen 2022an. Haietatik, %28,16 kamioiak ziren, hau da, 5.835 kamioi. Trafiko horren erdia pasa da Olatzagutitik egun hauetan.