Ikasgela zabalik kultur etxean

Guaixe 2024ko mai. 2a, 09:00

Bi neska Zero Zarata ikasgelan ikasten.

Etxean ikasi ezin zutenen eskariaren ondoren prestatu dute Olaztin. 

Etxean nahi baino soinu gehiago zegoelako ezin kontzentratuta ibili, jateko zerbaiten bila hozkailura behar baino buelta gehiago egitea... Oztopo eta tentazio ugari egon daitezke etxean ikasle batendako azterketa garaian kontzentratzeko. Baina lehentasuna ikastea denez, ikasle olaztiarrak kanpora jo eta non dute horretarako aukera? Liburutegia izan zitekeen aukera, baina han haurren eta helduen gelak ez daude isolatuta. Gainera, ipuin kontaketak eta tailerrak ere antolatzen dira. Beraz, Isabel Muñoz Mouriño liburuzainak esan duenez,  "behin baino gehiagotan ikusi dut zaratagatik ikasle bat etxera joaten. Bestalde, ikasteko beste alternatiba batzuk bilatzen dituztela esan didate". 

Premia horren jakitun udal liburutegiak eta Kultura Zerbitzuak Zero Zarata espazioa sortu dute. Espazio hori ikasteko beharra dutenei zuzenduta dago, ez beste inorendako. Liburutegian horretarako leku aproposik ez dagoenez, kultur etxean bertan, lehen solairuan, sortu dute ikasgela kolektiboa. Apirilaren 17an abiarazi zuten ikasketa gela, liburutegiaren ordutegi berean egonen da zabalik urte guztian. Zero Zarata espazioa erabili nahi duenak aurrena liburuzainari egin behar dio eskaera, eta hark bideratuko du gelara. Hartan hamalau urtetik gorako ikasleak sar daitezke bakarrik. 

Dagoeneko gazte batzuk Zero Zarata espazioa erabiltzen hasi dira. "Nabari da azken azterketak hurbil daudela eta gazte gehiago etortzen direla ikastera. Espero dut, denborarekin, gero eta jende gehiagok erabiltzea", esan du liburuzainak. Muñozek zehaztu duenez, "momentuz, institutuan daudenak joaten dira ikastera".  Erabiltzaileak "pozik" daudela esan diote liburuzainari, "ikasgela horretan isiltasuna bermatuta dute eta, hobe kontzentratzeko, ez dute distrakziorik".