Lizarragako portuko harrobia, 2024ra arte

Guaixe 2012ko urt. 18a, 19:29

Baimena orduan bukatzen dela argitu du Goikoetxea kontseilariak, "argi izanda, mehatze honen bukaerarantz goazela".

Asteartean Nafarroako Parlamentuan hizketa gaia izan zen Lizarragako portuko harrobia, I-Eko Marisa De Simon Caballerok haren inguruan galdetu zuelako. Koalizioko parlamentariak adierazi zuen kontraesana zela harrobi bat natur parke batean egotea. Eta gobernuari Europako politiken kontra jotzea leporatu zion. Bestetik, De Simonek esan zuen azken 7 urteetan ustiapen eremua 300 metro karratutan hazi zela. Kezka azaldu zuen, aldi berean, 400 metrora dagoen eta natur monumentu izendapena merezi duen dolina bategatik.

Lourdes Goikoetxea Zubelzu Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen kontseilariak jakinarazi zuenez, harrobiko ustiapen baimena 2024ko otsailaren 2an despedituko da. "Gaur egun ustiapena ezarritako mugetatik ez ateratzea kontrolatzen ari gara. Baina harrobia geldiaraziko bagenu kalte-ordain handiak pagatu beharko genituzke". Natur parke izendapenean harrobiaren jarduna bukatzeko tresnak bazeudela gaineratu zuen, "eta hori aurreikusten dugu".

Kontseilariak jakinarazi zuenez, harrobia ustiatzen duen enpresak ilbeltzero urteko plana aurkezten du. Horretaz gain, Goikoetxeak azaldu zuen errestaurazio plan bat indarrean dagoela. Halako neurriak hartzen direla azaldu zuen: sakondu ahala bermak egitea; kono itxurako ustiapen diseinua, zati bat ukitu gabe utziz hegoaldeko begi-inpaktua txikitzeko; begi-inpaktua txikitzeko ekialdetik mendebaldera ustiatzea; iparraldeko mugarekiko distantzia mantentzea; harrobiko sarreran atea jartzea begi-inpaktua txikitzeko; harrobia hesitu; ezpondak birmoldatu eta landareak landatu.

66 urte
Harrobia ustiatzeko lehen baimena 1946an eman zen. Hura 1993an berritu zen.