Arkitektura bioklimatikoa

Guaixe 2012ko abe. 14a, 11:32

Gaurko honetan, arkitektura bioklimatikoari buruz arituko naiz. Zer da, ba, gaur egun hain modan dagoen kontzeptu arkitektoniko hau? Gastu energetiko minimo batekin, eraikin barnean erosotasun maximoa lortzeko, zuhurtasunez diseinatutako arkitektura dela esan genezake. Horretarako inguruko baldintza klimatikoak ezagutzea ezinbestekoa da, kanpoko baldintza hauek eraikin barneko erosotasun bihurtzeko. Izan ere, ez da gauza bera Andaluzian etxebizitza bat egitea edo Pirineoetan, kokapen bakoitzak bere diseinu konkretua izan beharko luke diseinu arkitektoniko zuzen bat izateko.Nahiz eta arkitektura bioklimatikoa kontzeptu modernoa dela iruditu, betidanik hor egon da. Adibidez, hemengo baserri gehienak hego mendebaldera daude orientatuak eguzkiaren irradiazioa hobeki aprobetxatzeko. Gainera, gure arbasoak, neguan etxeak berotzeko sua egiteaz gain, ogia egiteko labeaz baliatzen ziren eta lehen solairuan egoten ziren abereak ere beroa botatzen zuten goiko logeletara. Beroa mantentzeko ganbaretan ahotza bilduta izaten zuten, hori isolatzaile ona baita. Hau da, sortzen zuten energia ondo aprobetxatu eta etxe barneetan erosotasuna lortzen zuten inongo argindarrik erabili gabe.Orain, aldiz, bizimodua aldatu denez, energia beste era batzuetan lortu behar izaten da. Egia da teknologiak aurrerakuntza izugarriak izan dituela energia berriztagarriak ustiatzeko orduan, eta noski, horiek ere eraikuntzan eragina izan dute. Esate baterako, eguzki-energia, biomasa, energia eolikoa, energia geotermikoa... gaur egungo arkitekturan kontutan izateko energia motak dira eta leku askotan derrigorrezkoak bihurtu dira. Nik uste dut, gizarte mailan, honek nolabaiteko arriskua izan dezakeela. Izan ere, energia berriztagarriak erabiltzeagatik ingurugiroa defendatzen duten hainbat adjektibo erabiltzen da jendea engainatuz. Asko gustatzen zaidan adibide bat ipiniko dut: IruƱerriaren aldamenean orain dela urte gutxi Sarriguren izeneko "eko-hiria" sortu zen. Hiri honetako etxebizitza gehienak bioklimatikoak direla esaten da, era guztietako elementuak erabiltzen baitituzte energia sortzeko: eguzki panelak, errota eolikoak... Nahiz eta elementu horiek lagungarriak izan, diseinu arkitektonikoa bioklimatikotik urrun geratzen da kasu gehienetan. Gainera, ingurugiroarekin zerikusi handia duela ikusteko, hiri erdian izugarrizko parke berdea jarri zuten. Parke horren mantenuak energi kontsumo ikaragarria dauka eta handia denez, jendeak autoa hartu behar izaten du bera inguratu eta erosketak egiteko. Kasu hauek alde batera utzi eta benetako arkitektura bioklimatikoan gehiago sakondu behar dela uste dut. Andoni Igoa Nazabal