Agur eta ohore Kalis:

Olatz Irizar 2006ko uzt. 14a, 00:00

Zaila da batzuetan eskutitza bat idaztea, are eta zailago agur bat egiteko baldin bada. Aste batzuk pasatu dira Olaztitik joan zinenetik, baina orain arte ez naiz gutun hau idazteko gai izan.Aitortu behar dut, ez naizela zure betiko lagun bat. Duela gutxi ezagutu genuen elkar. 2003ko udaberrian zehatz-mehatz. Euskal Herriaren aurkako erasoaldi batek egin gintuen lagun.Zuk Olaztiko Herria Aurrera zerrendaren izenean egin zenituen paperak Iruñako auzitegian, nik berriz Ziordia Eraikiz taldearen izenean. Elkarrekin bidaia bat baino gehiago egin genuen Iruñera: zerrenda erregistratzera, zerrendaren ilegalizazioaren berria jasotzera, errekurtsoa aurkeztera...Ez zen erreza izan: ilusioa, ilusio zapuztua, indignazioa, inpotentzia... Hala ere, zuk bidaia eta auzitegian pasatutako ordu horiek errazagoak egin zenizkidan. Batak bestearekin ongi konektatu genuen (berehala konturatu nintzen jende gehienarekin ongi konektatzen zenuela zuk) eta hitz egiten pasa genituen denbora horiek. Zure bizitza kontatu zenidan, eta kontakizun horietako pasarte bakoitzarekin momentua berriro gozatzen zenuen. Zein bizitza interesgarria Kalis!Jakin bazenekien bizitzaren azken etapa ari zinela erretzen. Eta azken etapa horretan zure herriaren alde lana egitea erabaki zenuen. Euskal Herritik kanpo bizi izan zinenean ere, gure herriaren borrokarekin bat egiten zenuen eta herrira bueltatzean, ezker abertzalean buru belarri lanean hasi zinen. Garai horretan Euskal Herria osoan gureak ziren karguak nola lapurtzen zizkiguten ikusi genuen. Putxerazoaren testigu izan ginen eta ilegalizazioaren aurka zeudela esaten zuten batzuek inolako duintasunik gabe gurea lapurtzen ikusi genituen. Herria Aurreraren ilegalizazioaren ondoren, Olaztin injustiziarik handienak bizi izan dituzue, horien artean zu eta zure zerrendako kide batzuen aurkako epaiketa. Baina zuk beti alaitasunez hartzen zenituen gauzak. Etsaiaren mendekuaren aurrean, zu alai. Alai baina tinko!Jende askok maite izan zaitu Kalis eta bizitzan zehar borrokan ere aritu zara, baina oraindik guztion artean ez dugu zure ametsa betetzea lortu. Izan ere, zure ametsa, eta gutako askorena, askatasuna zen. Norbanako bakoitzarentzat askatasuna, Olaztirentzat askatasuna eta Euskal Herriarentzat askatasuna.Askatasun hori da zuri (eta beste askori) zor dizuguna. Horregatik borrokan jarraitu behar dugu.Hemendik eskaera berezi bat egin nahi diot Olaztiko jendeari: Olazti aske bat lortzeko bidean lanean jarraitu. Bide horretan, Euskal Herriaren alde zaudeten guztiak elkartu behar duzue, gazte eta heldu eta guztion artean, alaitasunez (Kalis bezala) etsai komunari aurre egin. Gainontzeko euskal herritarrak berdina egiten saiatuko gara.Gaur egun, askatasun egun horretatik gertuago gaude. Azken urteetan gogor egindako lanari esker, zu bezalako jendeak egindako lanari esker, askatasuna gertuago dugu. Ziur egon Kalis, egun hori heltzen denean, zurekin (eta beste askorekin) gogoratuko garela.Eskerrik asko Jose Mari! Agur eta ohore!