8 eskubide

Sakanako ETXERAT 2006ko uzt. 21a, 00:00

Tratu duina, osasuna, komunikazioa, hizkuntza, hezkuntza, amaaitatasuna, askatasuna, politiko izaera. Presoek dituzten 8 funtsezko eskubideak. Sistematikoki, urtez-urte, kartzelaz-kartzela, ukatzen zaizkien eskubideak. Bakoitza hari luzeko mataza diren eskubideak.Bere baitan historia latza eta esperientzia garratza duten eskubideak. Ibaetako Foroa izan da eskubideok sistematizatu eta defendatzeko aldarria egin duena, "Euskal Presoak Euskal Herrira" oihua bere eginez, presoen egoerari buruz eragile aktiboak izateko eskabidea kide guztiei luzatuz, bereziki Azken Ostiraleko ekintzetan parte hartzera konprometituz, eta presoen aldeko banderola masiboki ikur publiko bihurtzeko hitza emanez. Guri dagokigunez Nafarroa mailan ere gauzatuz joan da Foroa. 33 talde eragiletik gora dira bere hitza eman dutenak, ehunka norbanako ezagun atxikimendua eskainitakoak, herria Iruñeko manifestazio jendetsuan agertu zena.Aldarri gabiltza Sakanerrian ere eskubideoi buruz. Herriz herri, maila guztietako talde eragileen ate joka atxikimendua eskatuz. Sakanan ere errealitate bihurtu nahi dugu Ibaetako aldarrikapen eta konpromisoa. Presoen aldeko oihua ozena izan dadin. Hainbat herritan mamitu dira jadanik ekimenak, festetan eta festetatik at. Herri orotan izanen duzu aukera. Emaiozu zure atxikimendua eskubideoi, erakutsi zure konpromisoa ere, ekimenetan partaide izanez. Bilbon eta Iruñean bezala, bizia izanen da Sakanako erantzuna. Bidegurutze batean gaude, etorkizuna dugu jokoan. Presoen arazoa izanen da giltzarrietako bat, bide berriak zabaltzeko ahalegin honetan. Euskal Presoak Euskal Herrira, eskubide guztien jabe.