Abiadura Handiko Trenaren Aurkako akanpada

Abiadura Handiko Trenaren kontrako asanblada 2006ko uzt. 28a, 00:00

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Aurkako Asanbladak urtetik urtera antolatzen duen akanpada igandera arte egiten ari da Urbinan (Gasteiz eta Legutio artean dago Arabako herrixka hori). "Euskal Y"-aren obren hastapenari oposizioa egin nahi dio ekimen honek, eta ingurugiroan nahiz gizarte arloan kalte larriak eragingo lituzkeen proiektu txikitzaile horren inposizioaren kontrako borrokari autoorganizazioaren bidez bultzada bat eman. Hori dela eta, akanpadan parte hartzeko dei egiten diogu jende guztiari, AHTren oposizioan Urbinako herritarrekin bat egiteko eta AHTren aurkako mugimendua kapitalismoarekiko jarrera kritiko eta erradikal baten ildotik hedatzen segitzeko.Helburu hori aurrean, akanpadaren 10 egunetan zehar hainbat ekintza egingo dira. Topagune asanblearioa eta komunikatiboa izan nahi du akanpadak, egungo gizarte eredu suntsitzaile eta esplotatzailea zalantzan jarriko duena. Bestalde, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu aurtengo akanpadan obren hastapenari aurre egiteko AHTren aurkako oposizioak abian jarriko dituen ekimen eta borrokabide berriei buruz denon artean eztabaidatzea. Batetik, indarren konfrontazioari begira mobilizazioak erradikalizatzeko. Eta, bestetik, ideien arloko borrokari dagokionean, oposizio hau kontzientzia kritikoa sortzeko eta egungo gizarte eta ekonomia eredua, bizimodua, produkzio eta kontsumo erak, naturarekiko harremanen galera eta herritarrek erabakietan berdintasunean parte hartzea eragozten duen sistema politiko bidegabea eztabaidagai jartzeko baliagarria izan dadin nahi dugulako.