A ze mundua!!

Angel Perez 2007ko eka. 1a, 00:00

Maiatzak 2, asteazkena. Isabel Pantoja tonadillera atxilotua izan da, Malaya operazioarekin erlazionatuta. Diru zuriketa eta zilegia ez den laguntza leporatzen zaio. Biharamunean behin-behineko fidantza ordainduta libre geratu da.Maiatzak 5, larunbata. Telebista piztu eta Pantojaren irudiak ikusten ditut, kotxe batean, beldurra ematen duen irribarre batekin eta krokodilo malko pare bat zukatzen dituela. Bere ondoan korrika eta mikrofonoa ahal bezain beste luzatuz, izerdi patsetan doan kazetari bat. Ahots eztiaz eta barkamena eskatu antzean: "Zer moduz, Isabel? Zerbait esaguzu, mesedez. Badakizu maite zaitugula". Metro gutxitara gazte talde bat, etsita, oihuka: "Ez makurtu, Isabel, segi aurrera, defenda ezazu zure burua, zurekin gaude". Egun batzuk  eroago Valladoliden, bostehun kazetari agertu ziren doako emanaldi bat ikustera eta batzuk emanaldia balkoi batetik jarraitzeko sei mila euro ordaintzeko prest daude.Beldurgarriena ez da tonadillera batek bere senarrarekin batera Haziendari iruzur egitea; niri askoz gehiago beldurtzen naute txalotzen dituzten eta biktima eta heroi bihurtzen dituzten pertsonek.Maiatzak 4, ostirala. Irratia pizten dut eta José Mª Aznarren ahotsarekin topo egiten dut, ez dakit zer bodegak emandako ez dakit zer sari hartzean esandakoekin: "Eta nork esan dizu nire ordez gida dezazun? Nor zara zu kopak edan behar ditudan edo ez esateko? Utz  nazazu lasai-lasai edaten, ez dut inor arriskuan jartzen eta ez diot inori kalte egiten". Eta jendea barrez lehertzen. Biharamuneantelebistan ikusten dut eta benetan upategi batean zegoela nabaritzen zen.Maiatzak 17, osteguna.Irratian Miguel Sanz entzuten dut ziurtasunez eta batere gorritu gabe lau haizeetara iragartzen: "Iruñea-Logroño autobideari esker Iruñetik Allora hogei minututan etorri naiz ni, eta poliziak ez gaitu gelditu". Publikoa errenditua barrezka. Okerrena ez da axolagabeko bi presidente horiek Trafiko Zuzendaritza Orokorraren kanpainetan egindako dohaineko kolaborazioa.Ni askoz gehiago kezkatzen naute jendearen txaloek eta barreek.Maiatzak 20, igandea. Olaztin sei etorkin aurkitu dituzte zulo batean eta Guardia Zibilak enpresa buru bat atxilotu du. Gero gertaera argitzen joan den neurrian denok dakiguna jakiten da. Milagron duela ez asko pasatu zena dakarkit burura: nekazaritza biltegi batean egun osoa pilatuta bizi ziren hamabost etorkin eta ia-ia dohain lan egiten zuten.Ematen du Olaztikoa ez dela hain larria. Dena den ileak lazten dira. Baina zorionez ez dut inor entzun barre egiten edo holako enpresarioak heroitzat hartzen. Momentuz behintzat.