Mc Guevara’s edo Che Donald’s

Itxipuru 2007ko urr. 18a, 00:00

Che-ren argazkia ikustean, pentsamendu aunitz sortzen zaizkit buruan, bihotzean..., pentsamenduak, ideiak, idealak...Pasa den urriaren 9an Che Guevararen hilketaren 40. urteurrena izan zen. Boliviako armadak, CIArekin batera, bere bizitza kendu baino zazpi urte lehenago, La Habanan, Alberto Kordak Cheri erretratua atera zion, denok daukagun Cheren irudia hain zuzen. Argazki hau munduko edozein txokotan aurkitzen ahal dugu. Izan ere, Cheren irudia merchandising ikono global bat bihurtu da, Santa Claus edo Ronald Mc Donald bezain ezaguna. Kordak "El Guerrillero Heroico" izena jarri zion argazkiari eta ez zuen sekula sosik ere kobratu bere argazkiagatik. Urte batzuk pasa ondoren Italiako argitaratzaile bati, Fertrinelliri, bi kopia oparitu zizkion. Berak, Che hil zutenean, argitaratu eta sei hilabetetan miloi bat ale saldu omen zituen. Zenbat miloi kamiseta, zapi, argazki... saldu izan ote dira orain arte? Auskalo, zenbatezinak. Horrelakoetan erraztasun handia dauka globalizazio neoliberalak. Den dena salgai bihur daitekeen momentu honetan, mundua bera ere salgai egoten ahal bada, zergatik ez ideiak irudi bihurturik ?Eta honetaz sakontzen, deigarria da oso, nola ikono bat erabili ahala irudikatzen duen pertsonaiaren mamia, nortasuna, idealak...joaten diren galtzen . Cheren aurpegiaren kamiseta jantzita daraman askok eta askok ez du jakinen nor zen eta zeintzuk ziren bere pentsamendu politikoak, batez ere hemen Europa zaharrean.Zoritxarrez, bere ideiak ez daude hain zabalduta, baina bere irudia duen proiekzio bera ez izan arren, oraindik ere gaurkotasun osoa dute. Munduko Merkataritzaren Erakundea eta enpresa transnazionalek ezarritako sistema ekonomikoa beste inperialismo mota bat baino ez da, ahulak eta txiroenak gehienetan galtzaile ateratzen diren sistema bat hain zuzen; hori bai, askatasuna eta demokraziaren izenean. Eta horren kontra borroka eta herrien arteko elkartasuna da bide bakarra.Kevin Johansenek egiten duen galdera bera egiten ahal diogu guk ere geure buruari: Bere irudia ikustean, Chek zer pentsatuko luke?