Ataramiñe...Kantuz! Eskerrik asko denei!!

Mikel Mundiñano, "Zato" 2007ko abe. 28a, 00:00

Aspaldi hasi ginen honekin, egia da...gutxi gora behera bi urte pasa dira jadanik. Ataramiñek urteak daramatza errepresaliatuen sormen lanak lau haizetara zabaltzen, altxor txikiak, urrunera hedatzen direnak, argi propioa dutenak lau haizetara zabaltzen. Hortik abiatu ginen. Doinuz jantzi nahi genituen. Ziega ilun eta hotzetan daudenen sentipen, bizipen eta ametsak musikaz eta irudiz jantzi nahi izan ditugu.Helburu nagusi bat geneukan hasieratik. Musikaren munduan dabilen ororen inplikazioa eta elkartasuna bilatzea. Ahalik eta jende gehienak parte hartzea bertan. Norberak bere "apurra" emanez. Lortu dugu helburu hori. Berrogei musikarik parte hartu dugu disko honetan, kolaborazio pertsonal gisa grabaketa estudiora joan eta eman diogunak nolabaiteko aberastasuna diskoari eta hori kontuan hartzeko datua da, pozgarria eta eskertzekoa aldi berean.Baina disko honetako doinuak ez dira ezer hitzik gabe... hitzak egin du doinua, hitza izan da arrazoia... barrunbetatik ateratako garrasiak dira diskoari zentzua eman diotenak ...Irudi eta margoek ematen dioten bezala, dudarik gabe... Adibide bat aipatzearren, Pello Mariñelarena Imaz Etxarri Aranazko semea eta kartzelan gaixorik eta inolako atentziorik gabe hil zitzaigunaren hitzak eta margoak aurkituko dituzue. Pellok, beste askoren antzera, bizitzatik pasatzen dena norbera dela pentsatu zuen, eta ez bizitza norberagandik. Margo, hitz eta irudi horietan askatasuna lortzeko askoren maitasuna, sentsibilitatea, duintasuna, eskuzabaltasuna eta harrotasuna biltzen dira. "...jamás podrán obligarnos a pensar lo que no queremos. Mientras vosotros penséis, y sintáis y améis, yo, seré libre...".Horregatik izan ditugu beti gogoan eta uste dut hala sumatzen dela kantuetan ere. Sentimenduz, elkartasunez, maitasunez egindako lana dela igartzen da, ilusioz egindakoa.Eskerrak eman behar dizkiogu, beraz, proiektu honetan parte hartu duen jende guztiari.Eta azkenik, nire gogoeta barruan daudenengana doa. Ziega ilun eta hotzetan zaudeten zuek... Oihanen indarra, Boltioren umorea, Luisen xamurtasuna, Garaziren irribarrea edo eta Bautisen sendotasuna, adibidez. Inor ahaztu gabe, oro har guztienganako begirunea eta maitasuna. Eta nola ez! Astebururo-astebururo, irribarrerik galdu gabe, espetxerako bidea hartzen duten ehunka senide eta lagunak ere gogoan izan ditu proiektu honek.Nahikoa sufritu du herri honek, asko dira Euskal Herriko sutondotan falta diren seme alabak; gatazka konpondu egin behar da, eta bide horretan guztiok dugu ardura, guztiok izan behar dugu giltza... musikariok ere bai.