Sakanako Euskara Batzordea, bidegurutzean.

Mikel Galartza Mendia 2008ko ots. 15a, 00:00

Kezka handienarekin ikusten nabil Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzordearen araudia aldatzeko ematen ari diren pausoak. Dagoeneko jendaurrean paratu da aldatzeko proposamena, eta zein norabidetan egin nahi diren aldaketa horiek ikusita —murrizte aldera—, badirudi indarrean dagoen araudia gehiegizkoa iruditu zaiela orain agintean dauden NaBaiko ordezkariei.Batzordearen helburuak direla eta, nahaspilatzera dator proposamen berria: dio udalek izango dutela lehentasuna. Udal administrazioari begira jarri nahi da Euskara Batzordea. Proposamen berriak erabat nahasten du udalek eta Mankomunitateak dituzten eskumenak. Udal bakoitzari dagokio bere menpeko udal administrazioan eta udalerrian hizkuntza politika arautzea eta garatzea. Ikusi, bestela, zein izan den UEMAko kide diren Sakanako udalen irizpidea. Zerk eragozten die, bada, udalei eta propioak izan behar duten udal bakoitzeko euskara batzordeei udalaren eta udalerriaren normalizaziorako hizkuntza politika egokia garatzea, erabakiak hartu eta urratsak egitea? Mankomunitateak edo eskualdeko Euskara Batzordeak ez die behinik behin ezer galarazten.Bestalde, Euskara Batzordearen osaketari begira, Sakanako euskalgintzaren parte hartzea nabarmen murriztu nahi da, parte hartzea bera eraginkor egiteko aitzakiarekin.Indarrean dagoen araudiak Sakanako euskalgintzari, hau da, ikastetxe guztiei, euskaltegiei, herrietako euskara taldeei eta euskararen normalizazioa helburu duten elkarte guztiei, parte hartzea bermatzen zion. Orain arte, kide guzti horiek izan dute hitza eta parte hartzeko eskubidea, eta horietatik hamarrek boto eskubidea zuten, euskalgintzaren artean ordezkaritza hori izendatuz.NaBairen proposamenak dio ezinbestekoa dela euskalgintzaren ordezkarien eta gizarte eragileen parte hartze eraginkorra. Baina, adierazpen honen ondotik, murriztu egiten du ordezkaritza: Sakanako ikastetxeetako hiru ordezkari, euskaltegietako bat, eta euskara taldeetako beste hiru kide. Zazpiko horrek hitza bai, baina orain, ordea, ez du boto eskubiderik izango. Sakanaren egituraketari buruzko ezagutza eskasa erakusteaz gain, hori al da NaBairendako demokrazia parte hartzailearen paradigma?Batzordea biltzeko maiztasuna gutxitu egiten da hilabeteko epetik bi hilabetera; batzorde kide izateko ez da derrigorrezko egiten euskaldun izatea; lantalde sektorialak osatzeko aukera ez da onartzen...Eztabaidarako diren proposamenak beti ere ondo datoz baldin eta debate irekia eta parte hartzailea den neurrian, eta guztien iritzia aintzat hartzeko bitartekoak jartzen direnean. Oraingo honetan, ordea, ez da aurretik euskalgintzako eta gainerako eragileekin hitz egin eta eztabaidatu, eta, beraz, ezer adosteko aukerarik eskaini. Euskalgintza baztertuz eman dira pauso horiek.Adierazgarria da proposamen gisa aurkezten zaiguna, soilik bide eta prozedura administratiboa erabiliz indarrean jarri nahi izatea.Eztabaidarako baino, aginte bidez indarrean jarri nahi den letra eta, areago, lan estiloa iruditzen zaizkit.Hau al da NaBairen kudeaketak, Alderdien Legearen ordainetan, sakandarron parte hartzeari eta ibarreko euskararen normalizazioari eskaintzen diona?