Odolez bustitutako hauteskundeen biharamunean

Eduardo Urrestarazu 2008ko mar. 14a, 00:00

Nafarroa Bai izan da Hegoaldeko talde politiko abertzale eta euskaltzale guztien artean galerarik izan ez duen bakarra. 1.000 boto gehiago eskuratu ditu lehengo igandean 2004ko hauteskunde orokorretan baino. Kopuru hori bera da IruƱerrian lortutako irabazia. Gainera, Nafarroa Baik 2004an baino 2.500 boto gehiago eskuratu ditu Erriberan eta Nafarroako hegoaldeko gainerako eskualdeetan; aldiz, beste horrenbeste galdu ditu Mendialdeko eta Sakanako herrietan... Gune horietan nabaria izan baita ezker abertzale ofizialaren presioa, eta abstentzioa, koakzioa askoz ahulagoa izan den guneetan baino askoz handiagoa izan da, zalantzarik gabe.Astekari honetan bertan irakurri ahal izan ditugu, argudiatzen jakin ez eta irainen eta deskalifikazioen aldeko aukera egin dutenen lerro hitsak. Bejondeiela...Haien damuz hala ere, Kongresura itzuliko da Nafarroa Bai, milaka herritar bakezaleren bozkei esker.Bipartidismoaren uholdeak eta Arrasateko hilketa koldarrak bultzada ikaragarria eman diete sozialistei, hurrengorako utzi beharko, bada, bigarren indar politiko gisa finkatzeko helburua.Horiek guztiak kontuan hartuta, kontent egoteko arrazoi bat baino gehiago dugu Nafarroa Bai bultzatu eta bozkatu dugunok. Baina nekez egon gaitezke pozik, ikusirik oraindik badela heriotza zigorra aplikatzeko eskubidea dutela uste dutenek; eta ikusirik , oraindik ere, heriotza zigorra eta terrorismoa era batera edo bestera babesten dituztenak badirela gure artean. Herritar errugabeak erailda, gizartean zauriak sakonaraziz, ez dago herri honentzat etorkizunik.Amaitzeko, bihoakie PSNko kide eta jarraitzaileei, hala nola Isaias Carrascoren senide eta hurrekoei gure elkartasunik beroena.