Hipotekak kaltetutakoen Sakanako plataformak orain arteko lanaren berri ematen

Hipotekak Kaltetutakoen Sakanako Plataforma 2014ko urt. 10a, 06:00

Hipotekak Kaltetutako Sakanako Plataforman 2012ko martxoaz geroztik ari gara lanean. Denbora tarte honetan ikusi dugu nola krisiak eta bankuen ohitura txarrek familia asko ikutu dituzten. Gertutik ezagutzen dugu familia horiek bizi duten sufrimendua, atsekabea eta babesik eza. Egoera horiek askotan gure onetik atera gaituzte eta negar egin dugu. Nolanahi ere, maitasun eta adiskidetasunezko harremanak estutu ditugu guretako ezezagunak ziren pertsonekin. Pertsona horiek haien bizipenak adierazi dizkigute, eta oso une zailetan esker oneko irribarreak atera dizkiegu.

Hipotekak Kaltetutako Plataformak denbora tarte honetan gurera etorri diren kasuak nola bideratu diren azaldu nahi dizuegu:

  • Etorkizunean arazoak izan ditzaketen familiak arazo horiek saihesteko informazioa eskatu dutenak: 3
  • Arazo larriak dituzten familiak, informazio eske etorri direnak, baina, hainbat arrazoirengatik, amore ematen dutenak: 9
  • Jarraipena egiten ari zaien familiak baina oraindik ez zaiena irtenbiderik aurkitu: 2
  • Jarraipena egin zaien familiak baina haien borondatez Hipotekak Kaltetutako Plataforma utzi dutenak irtenbiderik aurkitu gabe: 3
  • Irtenbidea aurkitu duten familiak:
    • Lortutako emateak: 4
    • Alokairu sozialarekin lortutako emateak: 1
    • Alokairu sozialak: 2
    • Bestelako irtenbideak (besteak beste, banketxeekin lortutako akordioak): 8
    • Beste Hipotekak Kaltetutako Plataforma batzuetara egindako desbideratzeak: 3

Badago kasu bat berariazko jarraipena egiten ari zaiona bere zaitasunarengatik eta kaltetutakoen arrazoi pertsonalengatik.

Informazio honekin deia egin nahi diegu banketxeen praxi okerrak kaltetutakoei eta Hipetekak Kaltetutakoen Plataformari laguntza eman nahi diotenekin gurera hurbil daitezen.

Bukatzeko, esan arazo batean lan egiten denean eta amore ematen ez denean gehienetan irtenbidea aurkitzen dela. Gainera, partekatutako arazoak askoz ere eramangarriagoak dira.

LOR DAITEKE!