Eredu hoberena gara beti helduok?

Prebentzio Programak 2014ko ots. 21a, 06:00

Antza denez, gaur egun hitz berriak sortu eta asmatzera behartuta gaude.

Hitz ohietako askok ez zuten zentzu handirik duela 20 urte baina orain ezinbestekoak bihurtu dira. Hitz ohietako adibide bat hau izan daiteke: OVERSHARING-a. Adituek  “gurasoen aldetik sare sozialetan adin txikikoen gehiegizko erakusketa” bezala definitu dute.

Gure bizitzako momentu garrantzitsuenak konpartitzeko beharra ikusten dugu eta honek sare sozialetan gure seme alaben bizitzaren momentuak (txikitako argazkiak, bideoak…)  konpartitzera eramaten gaitu kasu askotan.

Oso garrantzitsua da hainbat gauza kontutan izatea:

  • Sarean edozer gauza igo edo zintzilikatzen badugu, berehala zabaldu egiten da.
  • Gure informazioa non eta nork zabaltzen duen kontrola galtzen dugu.
  • Legearen esparruan gurasoak dira txiki eta gaztetxoen ardura dutenak, beraz, zaintzaile papera dute prozesu guztian zehar.

Orokorrean, guraso garenoi , txikiak eta nerabeak sare sozialetan nola mugitzen diren kezkatzen gaitu. Ez dugu beraiek duten erraztasuna baliabide hauek erabiltzeko eta honek beldurra ematen digu; non ibiliko diren, norekin, zein kontaktu izango dituzten...

Beldur gara, erabilera txarra egingo ote duten edo arriskuez ez diren jabetuko. Horregatik garrantzi handia ematen diogun gaia da hau, benetan gure seme-alabek sare sozialen erabilera egokia egitea nahi dugulako, baina guk zer erabilera egiten dugu?

Gurasoen kasuan hemen agertzen da kontraesana, gutariko nork ez ditu seme-alaben edo iloben argazkiak atera eta gero lagunei bidali, whatsapp-ean argazkiak jarri, sare sozialetan zintzilikatu... Zein politak dauden, zein jatorrak ... Baina kontutan izan dugu edo noizbait gure buruari planteatu diogu erabilera egokia egiten dugun igotzen dugun materialarekin?

Gure seme-alabekin konparatuta ez gara hain ezberdinak, behintzat ez ditugu hain gauza ezberdinak egiten. Egia da, kasu askotan, guk ere ezagunei edo konfiantzazko lagunei bidaltzen diegula informazioa.  Gazteak, berriz, dituzten “milaka” lagun horiei bidaltzen dizkiote. Sare sozialak bizitzeko eta erabiltzeko era desberdina daukagula argi dago.

Beraz, gomendagarria da gurasoontzat sare sozialak eta teknologia berriak orokorrean ezagutzea eta hauek erabiltzen ikastea, gero gure seme-alabei hauetan hezi eta laguntzeko aukera izateko. Ezin gara atzean geratu, naiz eta “analfabeto digitalak” sentitu. Azkenean sare sozialetan heztea, bizitzako beste esparru batean heztea da eta beste gauza  askorekin gertatzen den bezala, gure ardura seme-alabei sare sozialak segurtasunez erabiltzen erakustea da.

Sare sozialen erabilera on bat egitea eta pertsonen artean tratu onak bultzatzea da gaur luzatzen dugun gonbitea.