Martxoak 3

Abian 2014ko ots. 21a, 06:00

Datorren Martxoaren 3an, munduko erakunde ekonomiko nagusienetarikoak izango dira Bilbon.

Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa horien artean. Guretzako ez da beste egun bat izango, orain dela 38 urte Gasteizko langileen erailketa gogoratzen dugun egunean, langile borrokaren zergatia islatzen duten erakundeak gure herrira etorriko baitira bere gomendio eta hausnarketak azaltzera. NDF eta BMrekin batera, BBVA, Telefonica, Iberdrola edota Inditex bezalako enpresak, eta hauen zerbitzura dauden partidu politiko ere bertan izango dira, PP eta PNV. Gutun hau hauetariko edozeini eskaini diezaiokegu baina gaurkoan Nazioarteko Diru Funtsari zuzenduko gara.

Bere helburu ekonomiko aseptikoen atzean ("kooperazio ekonomiko globala suspertzea, finantza egonkortasuna ziurtatzea, nazioarteko salerosketak erraztea, eta pobrezia murriztea") sistema kapitalista neoliberalaren eredua mundu osoan zehar hedatzen 60 urte baino gehiago daramatza erakunde honek. Ez gara irakurketa sakonetan murgilduko eta soilik azken urteetan emandako gomendio batzuk gogoraraziko ditugu. Flexibilitatea da hauen hitz sakratua, kaleratzeak merketu behar dira eta soldatak jaitsi, beti ere lehiakortasunaren izenean, enpresena noski. Murrizketak arlo publikoan, (hezkuntza, osasungintza, ...), hortaz, ongizate estatuak ezin du berean jarraitu eta enpresa pribatuek beregain hartu behar dituzte zerbitzu hauek. Badakizue, lehiakortasunaren mesedetan eta lanpostuak sortzeko, publikoa dena pribatu egin eta diru publikoa enpresa pribatuei eman langileen baldintzak zeharo okertuz.

Arrazoi asko dago Martxoaren 3an Bilbora joateko, hemen gutxi batzuk eman nahi izan ditugu baina askoz gehiago daude: elektrizitatearen gorakada, osasungintzako itxaron zerrendak, urtarrilaren azken egunetan banku erreskatatuek aurkeztutako etekinak... Bertan ikusiko gara.