Bai, Sakanan bizi eta lan

Guaixe 2014ko api. 11a, 06:00

Abian taldearen lanarekin batera, Sakanan bizi eta lan leloa hedatu genuen gure bailaran zehar. Lema egokia bilakatu zen gure errebindikazio guztiak biltzen zituelako. Pairatzen ari ginen desindustrializazioaren aurrean gure lanpostuak eta  bizitzeko modua defendatzea uztartzen zituen. Azkenaldian ez da gehiegi entzuten ari eta autokritika egitea tokatzen zaigu gaurkoan. Egia da pertsona gutxi batzuek osatzen dugula Abian baina gure eskaerek gizarte osoaren babesa dute eta horrek lanean jarraitzera animatzen gaitu. Gizarte honek sortzen duen zurrunbiloan galtzea erreza da (lana, bikotea, umeak, beste militantziak…), baina azken finean, hauek guztiak aitzakiak besterik ez dira konpromisoa ekiditeko garaian. Hazitako borrokan sinesten dugu eta berriro ere martxan jarriko gara lelo berdinarekin. Sakanan bizi eta lan.

Sakanan bizi nahi dugu, gure ohiturak mantenduz edota nahieran aldatuz. Bizitzea gauza konplexua da, baina merezi duen bizitza bizi nahi dugu. Gure gutxieneko beharrak bermatuak izan nahi ditugu (osasuna, hezkuntza, oinarrizko errenta… ). Bizitzea ez da biziraupena eta gaur egun jende gehiegi ari da modu kaxkar batean bizitzen.

Sakanan lan egin nahi dugu, gure osasun fisikoa eta psikikoa bermatzen duen lana izan nahi dugu. Ordutegi eta egutegi argiak dituena, ongi ordaindutako eta formakuntza ahalbideratzen duena. Azken finean, gure bizitzarekin bateragarria den lana nahi dugu. Gaur egun esklabutza inoiz baino gertuago ikusten dugu. Inolako babesik gabe edozein motatako jarduerari lana deitzen zaio eta okerrena dena, eskertu egiten da.

Lana dugu aurretik eta bizirik gaude, horregatik inoiz baino ozenago SAKANAN BIZI ETA LAN!

Abian plataforma