Adostasunetik ekintzetara

Abian plataforma 2014ko eka. 6a, 06:00

Aurreko larunbatean Sakana 2020 Plan Estrategikoa onartua izan zen erabateko adostasunarekin eta orain dela 6 urte hasitako ibilbideari jarraipena eman zion. Lehenengo pausua gure bailarak bizi zuen egoera salatzea izan zen eta ondoren eragile sozial, ekonomiko eta politikoen artean komuneko diagnostikoa egitera esertzea. Bailararen errealitatearen irudia egin eta gero zer egin behar genuen adostu zen eta betebehar ohien artean zegoen planaren garapena. Orain arteko lana ez da makala izan baina hemendik aurrerakoa ere itzela izango da. 

Gure jarrera kritikoari jarraituz, prozesuaren inguruan sortzen zaizkigun kezkak azalduko ditugu, beno kezka nagusia soilik zeren bakarra izanik berebiziko garrantzia duela uste dugu. Larunbatean Sakanako eragile gehienek babestu zuten Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiak hilabete hauetan egindako lan izugarria. Alderdi politikoek, sindikatuek, eragile ekonomiko eta sozialek garapen plana onartu zuten eta hori pozgarria izanik hau da gure kezka. Ba al du gizarteak plan honen berri? Argi daukagu plana egiten ibili diren pertsonek lan izugarria egin dutela plana ezagutarazteko; batzarrak eta hitzaldiak herrietan zehar, ekarpenak egiteko bideak erraztu dira, epea luzatu biztanleriaren parte-hartzea bermatzeko… Baina plana gizarteratzea lortu da? Ezetz uste dugu.

Sakanako gizartearen gehiengoa apatiatik hurbil dagoela uste dugu, aspertua baino gehiago dago, luze doan krisialdi honek indarrak xahutu dizkio eta bitaminak eta proteinak behar ditu. Plan estrategikoa eta berarekin batera doan leloa, adostasunetik ekintzara, pilula interesgarria izan daitekeela uste dugu. Prest gaude beste eragileekin batera kalera ateratzeko eta esfortzu berezi bat egiteko sakandarrek merezi eta behar duten animoen eta etorkizunarengatik borrokatzeko eta planak lagundu egingo duela ziur gaude. Kontatu gurekin.