Iraileko oroitzapenak

Juankar Mugartza 2014ko ira. 12a, 06:00

Irailaren lehen egunak ziren, uda joaten hasia jada, Monedako Jauregiaren etxaurrea baizik ez zen ikusten Santiago osoan.

Errepublikako Presidentea barruan zegoen pistola esku batean bere burua defendatzeko eta mikrofonoa bestean Radio Magallanes irratiaren uhinetatik herriari hitz egin ahal izateko.

Valparaison itsas armadako bihotz beltz guztiak amorratuta zeuden, irrikatan legearen aurka altxatzeko; legearen aldeko sutsuenak, legearen aurkako amorratuenak izaten baitira hura gustukoa ez dutenean, eta zuzenetik ez bada, okerretik baliatzen dira berea ezartzeko, haien ordena beldurgarria hedatzeko arima ikaratu guztien hezur-muinetan.

Salvador Allende historiari mintzatu zitzaion orduan: “ni ez naiz apostolu edo mesias baten ezpal berekoa, ez dut martiri baten ezaugarririk, ni gizarte borrokalari bat naiz, herriak eman didan agindua betetzen duena. Baina martiri haragirik ez dudan arren, ez dut pauso bat bera ere atzera emango.”

Udako loaldiaren ondoren iraila ernatzen da oroimena ahula dela gogorarazteko, gure lotsarako zeinen azkar ahanzten zaizkigun, gogoratu beharko genituzkeenak.

Txileko estatu kolpearen urtemuga da, Pablo Nerudaren heriotza naturalarena ere bai. Naturala baita hiltzea injekzio hilgarri bat sabelean iltzatzen badizute.

Naturala ere bada hiltzea leize zulora botatzen bazaituzte, tiro batez lagunduta edota tiro jaso gabe, konfesatua edota konfesatu gabe. Irailaren hasierako igandearekin batera, Otsoportillon hasten da urtero ikasturtea. Gorrotorik gabe, barkamena eskainiz barkatzeko beharra baldin badago, baina ezin da ahaztu errepikatzea nahi ez duguna.

Pinochet suge traidoreak emandako Estatu Kolpean Merino almiranteak Armadako komandante izendatu zuen bere burua eta Mendoza jaunak, jeneral doilor, zital eta gizatxarrak Karabineroen Zuzendari Nagusi. Egun ere badira haien antzeko milaka jeneral eta zuzendari nagusi, irailaren 27ko egunsenti batean euskal gazteak fusilatu zituztenen modukoak. Iraileko basoetan erail zituzten.

Bitartean, Espainiako Itzulia gure herrietatik pasa da, Aralarrerainoko bide bazter guztiak ikurrinez, ikurrin erraldoiez, josiz eta Euskal Herria, gure nazio gorri, berde eta txuria, abegikorra dela erakutsiz. Frantziako Tourra ere pasatu zen Euskal Herritik Indurain handiaren garaian. Ohikoa da. Itzuli klasikoak dira, nazioartekoak izateko bokazioa dutenak.

Alaitu gaitezen gure txirrindulariekin, Gorka Verdugo, handiena. Poztu gaitezen gure jaiekin, gure etorkizunarekin ametsez bete. Zoriontsuak izan gaitezen … baina ez dezagun horregatik oroimena gal. Txileko presidenteak, Radio (Beleixe) Magallanes irratitik hauxe esan zigun bere azken mintzaldian: “Jende hau ez da ezeren aurrean gelditzen.”