Nafarroan euskaraz bizitzeko nahian urratsak emateko dinamika

Guaixe 2014ko ira. 18a, 17:31

Bi euskaldun-berriren testigantzak jasotzen dituen bideo batetik abiarazi dute kanpaina. Heldu den urteko apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian eginen den ekitaldira joateko deia egin du Kontseiluak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroan euskaraz bizitzeko nahian urratsak emateko Hamaika egun ekimena abiarazi du. Nafarroan Kontseiluaren mahaia osatzen duten eragileen elkarlanaren fruitu da atzo aurkeztutako kanpaina. Bere helburua da: “nafarron euskaraz bizitzeko nahia elikatu eta norabide horretan urrats praktikoak eman ditzaten eragitea”. Dinamikak apirilaren 25a bitartean hainbat “geltoki” izanen zituela aurreratu zuten.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, aurkezpenean esan zuenez, “Nafarroan sistematikoki aplikatu den eta aplikatzen den hizkuntza-politikak euskara eta euskaldunak baztertzeko helburua izan du. Nafarroako Gobernuak urte luzeotan helburu hori erdiesteko estrategia eta modua eraldatzen eta egokitzen joan da”. Bilbaok gaineratu zuenez, “Nafarroako Gobernuaren euskararen kontrako hizkuntza-politikak etenik izan ez duen bezala, nafar jendartearen euskaren aldeko jarrera irmoak ere ez du etenik izan”.

Azken horren adibide gisa urtero Nafarroan euskaltegian izena ematen duten 6.000 pertsonak jarri ditu Bilbaok. Euskaltegietan izena ematera animatu ditu nafarrak. Egunero euskaraz bizitzeko nahia azaldu eta euskaraz bizi diren ere nafarrak zoriondu zituen, bide beretik segitzera animatzearekin batera.