Abortoaren lege erreforma bertan behera

Izaskun Jarones eta Gurutze Arregi, Altsasuko Feministak eta Sakanako Bilgune Feminista 2014ko urr. 10a, 06:00

Pozik gaude. Espainiako Gobernuak bertan behera utzi baitu abortuaren lege erreforma atzerakoia. Lortu dugu mugimendu feministatik zein jendarte beste sektore batzuetatik eginiko borrokaren ondorioz, abortuaren lege erreforma bertan behera gelditzea. Alberto Ruiz Gallardonek ezin izan du erreforma aurrera eraman. Zorionak!

Abortoaren aldeko borroka, borroka historikoa izan da mugimendu feministarentzat. Borroka ez da atzo goizean hasitakoa, 40 urte daramatzagu borroka honetan eta beraz mugimendu feministaren ibilbidean garaipen desberdinak izan ditugu, eta hau bada  beste bat, gure memorian eta historian idatzirik geldituko dena. Azken berrogei urteetan abortatzeko eskubideari dagokionez legeak aldaera desberdinak izan ditu: 1985eko lege baldintzen legea eta egungoa, 2010ekoa epekako planteamendua biltzen duen legea. Baina PPko gobernuak erreforma atzerakoia egin nahi izan du eta ez du lortu. Ez du lortu mugimendu feminista parean izan duelako, baina baita jendarteko beste hainbat sektore ere: osasun langileak, alderdiak, herri mugimendua eta jendartea orohar. Jendearteak oro har ez du begi onez ikusi lege hau orokorrean, emakumeen eskubideei dagokionean mugimendu feministatik eginiko kontzientziazio lanaren emaitza ere izan da neurri batean erantzun hau.

Hala ere, ezin da ahaztu emakumeon gorputza beti dagoela mehatxupean eta lege honekin ez bada ere bestelako arau idatzi edo kontrol mekanismoak dituztela estatuek zapalkuntza patriarkarrarekin jarraitzeko. Gainera, Rajoyk jada iragarri du egungo legeari aldaketa batzuk egingo dizkiotela 16-17 urte bitarteko emakume gazteen eskubideak murriztuz, gurasoen baimena behar izatea eta familia babesteko planaren inguruan ere aipamenik egin du.

Beraz, mugimendu feministatik lanean eta borrokan jarraituko dugu, emakumeok gure gorputza gure erabakia dela aldarrikatzen jarraituko dugu, sexualitatea askatasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen eta baita, eskubide sexual eta erreproduktiboen alde borrokan, artean, egungo abortuaren legean hanka motz den sexu-hezkuntza exijitzen. Honenbestez, edozein ofentsibaren aurrean hortxe parean izango gaituzte!
GORA BORROKA FEMINISTA!!!