Kaixo sakandarrok!

Lourdes Ganboa Gartziandia 2014ko urr. 17a, 06:00

Alfredok deitu zidanean Guaixerako idazteko proposatuz guztiz harrituta geratu nintzen. Gustukoa dut idaztea, bai, baina nire curriculum literarioa Coca-Colak garai batean antolatzen zuen erredakzio konkurtso hartan hasi eta bukatu egiten da, 14 urte nituela. Gure amak oraindik kontserbatzen du bere mesanotxean erredakzioaren egunkariko zatia, baina horrek ez du asko esan nahi, noski.

Egun batzuk eman zizkidan pentsatzeko, eta hementxe nauzue, ausartegia agian, baina gogo eta ilusio handiz, aitortuko dizuet.

Eta lehenengo egun honetan atrebentzia handia ez bada, utzidazue hil berri zaidan lagun argentinar bati omenalditxoa egitea: Mary, jatorriz Mendozakoa eta Mirandako mutil batekin maitemindu eta Iruñera bizitzera etorri zena. Bertan egokitua, bere umeak D ereduan eskolatuak, bera ere euskara ikasten aritua; Alde Zaharreko zaborrak biltzeko lur-azpian dauden edukiontziak baino errotuagoa zegoen bera Karmen kaleko bere txokoan. Zaldiko Maldiko elkarteak urte batez Urrezko Orrazia eman zion euskararen alde egindakoagatik. Alaia, hizketarako argentinarrek duten dohain berezi horrekin, zenbat tertulia ez ote ditugun egin! Ederra benetan, Mary, bizitzan zurekin gurutzatu izana, orain, berriz, zu gabe ze gogorra! (Baina ez, esaldi honi buelta emango diot, beste zentzu bat hartzen baitu) Orain zu gabe egotea gogorra benetan, Mary, bizitzan zurekin gurutzatu izana hain eder izan baita!